Edukira joan

Zesar Martinez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zesar Martinez

Bizitza
JaiotzaBarakaldo, 1968
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBarakaldo, 2026ko maiatzaren 26a (57/58 urte)
Heriotza modua: trafiko-istripua
Hezkuntza
Tesi zuzendariaXabier Aierdi Urraza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakikertzailea, aktibismoa, unibertsitateko irakaslea eta soziologia
KidetzaParte hartuz (ikerketa taldea)
Joxemi Zumalabe Fundazioa
Udako Euskal Unibertsitatea

Inguma: zesar-martinez-garcia

Zesar Martinez Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1968 - ibidem, 2026ko maiatzaren 26a) soziologoa, Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea, eta UEUko zein EHUko Soziologia II saileko irakaslea izan da.[1][2] Ikerketa sozialerako Metodologia ikasi eta irakatsi du, baita Aldaketa Soziala eta Zapalkuntzen Soziologia ere.[3] Jardunbide nagusia herri-hezkuntza, ikerketa-ekintza eta antolatze-prozesuen dinamizazioarekin lotura duten egitasmoetan eduki du.[4]

Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintzako saileko kidea izan da, eta Parte Hartuz ikerketa taldekoa. Partaidetza eta Komunitate Garapeneko Masterreko batzorde pedagogikoko kidea ere bazen, eta Bilboko San Frantzisko auzoko Telefonikako proiektuan parte hartzen zuen.[1][2]

Globalizazioa eta ingurumena: Euskal begirada bat liburua (UEU, 2003)[5]

2002an aurkeztu zuen bere doktore tesia "Giza egintza, gizartearen egiturak eta aldaketa sozialaren produkzioa eta gidaritza: globalizazioari buruzko diskurtso sozio-ideologikoak" izenburuarekin.[6][7] Tesian azaldu zuen gizartea aldatzeko, jendeak parte hartu behar duela. Nahiz eta batzuetan gauzak ezin direla aldatu iruditzen zaigun, jendeak elkarrekin lan egiten duenean, gauzak alda ditzake. Partaidetza kolektiboaren praxiak erakusten du aldaketak eta hobekuntzak posibleak direla. Horregatik, herritarren partaidetza sustatzeko proposamen teoriko eta metodologikoak garatzea ezinbestekoa da, demokrazia parte-hartzailea bultzatzeko. Hurrengo urtean liburu bat argitaratu zuen Deustuko Unibertsitatean: "Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa. Gizartearen produkzioa pentsamendu soziologikoan".[8]

Doktore titulua lortu zuen urte hartan bertan eratu zuten Parte Hartuz ikerketa-taldea EHUn, harrezkero gizarte-zientzien arloan aritzen zena. 2020an 40 kide zituen, irakasle edota ikerlari, hainbat diziplinatakoak. Taldeak landu dituen gaien artean nagusiak hauek dira: herritarren parte hartzea, nazio-identitatea, ekologia, eta genero-ikuspegia.[9][10][11]

Parte Hartu ikerketa taldearekin, Martinez aurrean (2026)

Hamaika proiektu komunitariotako kidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetan mugimendu internazionalistan hasi zen Martinez, eta, ordutik, hainbat arlotan lanean jardun zuen: besteak beste, Joxemi Zumalabe eta Iratzar fundazioetan, Sare Herritarrean eta Larrabetzuko (Bizkaia) Gurpide nekazarien eta kontsumitzaileen elkartean.[2]

Joxemi Zumalabe Fundazioko kide historikoa izan zen, 18/98 epaiketaren aurretik eta ostean ere bai. Herri-mugimenduetako kideek dituzten formakuntza beharrizanei erantzuna ematea da fundazioaren helburu bat, eta Martinez urte askotan ibili zen saioak, jardunaldiak eta formakuntzaren arlo honetan aktibitate puntualak egiten, baita jendeari begira herri mugimendurako formakuntza politikorako programa oso bat garatzen, esate baterako, UEUrekin 2014an antolatu zutena.[12][2]

Gizarte zibileko hainbat pertsona ezagunek 2018an sortutako Orain Presoak dinamikan parte hartu zuen. Horren bidez, garai horretako espetxe politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen zuten guztiak bildu nahi zituzten.[2]

Bilboko Ehunka sare komunitarioarekin lankidetzan ibili zen. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako elkarbizitza sustatzeko eta hango beharrei erantzuteko sortu zuten talde hori. Ehunka sare komunitarioko kideek aintzat hartu zuten Parte Hartuz taldeak eta Martinezek berak Telefonicako eraikinerako zentro komunitarioaren proiektua garatzeko egindako «funtsezko lana», bai udalarekiko elkarrizketei dagokienez, baita komunitatea antolatzeko «prozesu handi eta eder baten» garapenari dagokionez.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 «Zesar Martinez hil da, EHUko soziologia irakaslea eta herri mugimenduen laguna» Argia (kontsulta data: 2026-05-26).
  2. 1 2 3 4 5 6 Ugarte Martiarena, Kepa. (2026-05-26). «Zesar Martinez EHUko irakasle eta gizarte ekintzailea zendu da» Berria (kontsulta data: 2026-05-26).
  3. Garcia, Zesar Martinez. (2001-11-30). «Aldaketa sozialaren produkzioa eta gidaritza: globalizazioaren inguruko diskurtso sozioideologikoak» Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (41): 65–100. ISSN 3020-5115. (kontsulta data: 2026-05-26).
  4. «Zesar Martínez» Dabilen pentsamendua (Jakin.eus) (kontsulta data: 2026-05-26).
  5. «Globalizazioa eta ingurumena: Euskal begirada bat» www.ueu.eus (kontsulta data: 2026-05-26).
  6. Martinez Garcia, Zesar. (2002). Giza egintza, gizartearen egiturak eta aldaketa sozialaren produkzioa eta gidaritza: globalizazioari buruzko diskurtso sozio-ideologikoak. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-101-3. (kontsulta data: 2026-05-26).
  7. Martinez Garcia, Zesar. (2002). Giza egintza, gizartearen egiturak eta aldaketa sozialaren produkzioa eta gidaritza: globalizazioari buruzko diskurtso sozio-ideologikoak. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-101-3. (kontsulta data: 2026-05-26).
  8. Martinez Garcia, Zesar. (2003). Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa. Gizartearen produkzioa pentsamendu soziologikoan. Deusto. Deustuko Unibertsitatea Argitaratzailea ISBN 978-84-7485-912-6. (kontsulta data: 2026-05-26).
  9. «Definizioa eta helburuak - Parte Hartuz Ikerketa Taldea - Parte Hartuz Ikerketa Taldea - UPV/EHU» Parte Hartuz Ikerketa Taldea (kontsulta data: 2021-06-26).
  10. «Parte Hartuz | Ikerketa taldeak - Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea» ekoizpen-zientifikoa.ehu.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  11. Camacho, Marta. (2020-12-11). «Hezkuntza-popularra eta ikerketa ekintza» Argia (kontsulta data: 2026-05-26).
  12. «Zesar Martinez: “Euskal Herrian azken hamarkadetan aktibismo sozialak eta politikoak indar handia izan du, baina beti dago zer hobetu”» www.ueu.eus (kontsulta data: 2026-05-26).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]