Edukira joan

Zeruko Argia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zeruko Argia
Fitxa teknikoa
Formatuapaperezkoa
Koloreazuri-beltzean. Azaleko kolorea berdea.
Banaketa
Salneurria4 pezeta urteko harpidetza.
Historia
ErredaktoreakDamaso Intza, Mixel Itzaina, Salbatore Mitxelena, Miren Jone Azurza, Joseba Zulaika, Erlantz Urtasun, Josu Landa, Pello Zubiria,
Argia egutegiaren 1926ko azala (Nor-Nai)

Zeruko Argia (1919—1980)— euskarazko aldizkari jeneralista izan zen. Iruñeko eta Donostiako kaputxinoen proiektua, aldizkaria baserri-giroko eta eliza-giroko aldizkaria zen. Euskal Herri tradizional baten isla zen, baina bera izan zen gero etorriko zen kazetaritza modernoari bidea ireki zion "euskarri" bakarra hamarkada luzeetan. 1980an izena aldatu eta Argia izena hartu zuen.

Euskaldun pentsaera kristauan heztea zuen helburu (Santuen bizitzak, Kristau-ikasbidea eta moralari buruzko gogoetak eta nekazaritza munduko aholkuak eta herri-intereseko kontuak. Gipuzkeran oinarritutako euskara erabiltzen zuen eta jende askorentzat (baserritarrak, arrantzaleak) irakurtzen zuten euskal testu bakarra zen. Garai hartan, hizkuntza oso zaindua, baina aldi berean ulerterraza erabiltzen saiatzen ziren, herriarengana iristeko. Gerra Zibilaren osteko itzuleran (1954), aldizkaria oso estu hartu zuen frankismoak. Hala ere, "zirrikitu" bat bihurtu zen: Elizaren babesa zuenez, zentsurak baimen pixka bat gehiago ematen zion euskaraz idazteko (beste esparru batzuetan debekatuta zegoen bitartean). Poliki-poliki, 60ko hamarkadan, gai sozialagoak sartzen hasi ziren eta idazle gazte berriak (erlijiosoak ez zirenak) kolaboratzen hasi ziren.

Lehenbiziko aroa (1919-1936)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919ko urtarrilaren lehenean argitaratu zuten Iruñeko kaputxinoek Zeruko Argia-ren lehen zenbakia. Hilabetekari erlijiosoa zen, formatu txikikoa. Aita Damaso Intza eta Aita Buenabentura Oieregikoa izan ziren sortzaileak eta, Intzaren esanetan, bereziki azken honi esker, "setosoa baitzen". Aita probintzialarengana joan zen Buenabentura: "Guk sor dezakegu 25 orrialdekoa hilabetero euskarazko abesti berri euskaldunak eman ditzakeena".[1] 1936ko Espainiako Gerra Zibilak eten egin zuen aldizkariaren jarduna.

1921ean, Argia izeneko beste aldizkari bat sortu zen Donostian euskaltzale talde baten eskutik. Informazio orokorreko astekaria zen eta, erlijioa ardatz izanik ere, euskal kultura, herrietako berriak eta nekazaritza mundua euskaldunen etxeetara eramateko asmoa zuen. Ramon Intzagarai eta Bitor Garitaonandia jesuitak, Gregorio Muxika, Ander Arzelus, Antonio Lizarraga, Anbrosio Zatarain Goia edo Ricardo Leizaola izan ziren sortzaileetakoak. Honek ere 1936ko gerrara arte iraun zuen eta, bere izaera eta asteroko maiztasunaren ondorioz, euskaltzaleen munduan eragin handia izan zuen.[1]

Xabier Lizardi bera ere aritu zen idazle Donostiako kazetan, eta Argia-koek jarritako zumeak giltzarri izan ziren 1929ko euskal egunkariaren proiekturako; honen zero zenbakia ere egin zen baina azkenean ez zen argitaratu. Proiektua errentagarri izateko Lizardik 3.000 irakurle behar zirela kalkulatu zuen, baina azkenean EAJren ingurumariak 1930ean sortu zen El Día egunkari elebidunaren alde egin zuen, hala irakurle gehiagora iritsiko zelakoan, eta euskarazko egunkari proiektua zokoratua geratu zen. Gerrako tiro hots artean sortu zen euskarazko lehen egunkaria, Eguna, 1937ko urtarrilean eta urte bereko ekainera arte iraun zuen.[1]

Gerraondokoa (1939-1963)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko gerra ondorengo errepresioak etena ekarri zuen euskal nazioaren eta euskal kulturaren usaina zuen guztiarekin. 1946 eta 1948 artean Argia-ren hamabost zenbaki egin ziren Venezuelan eta New Yorken. Erbesteko logikan, Argia haiek politikoagoak izan ziren eta jeltzaleen munduari lotuagoak. Zeruko Argia-ko zenbaki batzuk ere argitaratu ziren 1954-1959 bitartean, horietako batzuk hamabostekari gisa Hondarribiko kaputxinoen eskutik, tartean Kaietano Ezeiza zela.[1]

Berpizkundea (1963-1977)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeruko Argia 1963an berpiztu zen, Agustin Ezeizaren bultzadari esker, astekari gisa, informazio orokorra jorratuz, egunkari formatuan eta kaputxinoen jabetzapean. Hamarkada hartan loratu ziren, besteak beste, Anaitasuna, Jakin, Goiz Argi, Egan edota Karmel aldizkariak. Ipar Euskal Herrian, 1944an Eskualduna aldizkari zaharra itxi ondoren, urte berean Herria informazio orokorreko euskarazko aldizkaria abiatu zen. 1960ko hamarkada horretan jalgi zen Zeruko Argia kazetaritza modernora. 1920ko hamarkadan harreman estua izan zuten Iruñeko Zeruko Argia-k eta Donostiako Argia-k, baina oraingoan bien tradizioa bildu gura ere argi salatzen zuen mantxetak berak: "Zeruko" hizki txikiz eta "Argia" handiz, Donostiako Argia-ren tipografia kopiatuz.[1] Mamian, eduki erlijiosoak gero eta bakanagoak ziren, 1963ko lehen zenbakiko azalean aita santuaren argazkia eduki arren.

Idazleen, musikarien, pentsalarien eta, oro har, euskal kulturari lotutako jendearen topaleku eta euskarri izan zen Zeruko Argia. Nemesio Etxaniz, Inazio Eizmendi Basarri eta Jose Artetxe beteranoen alboan, gerora euskal kulturan izen handiak izan ziren Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Txillardegi, Xabier Lete edota Mari Karmen Garmendiak idazten zuten.[2] Dena den, 1960ko hamarkadako Zeruko Argia-ko sinaduren artean gutxi ziren kazetari prestakuntza eta estiloa zutenak. Iritzi artikuluen bilduma zen gehiago, kazetaritza-produktua baino. Kazetariek soldata finkorik gabe lan egiten zuten garaiak ziren.[1]

Aldizkariaren modernizazioan eta profesionalizazioan funtsezkoa izan zen Miren Jone Azurzaren lana. 1969an izendatu zuten zuzendari, eta berehala ohartu zen proiektuak lantalde baten beharra zuela. Mikel Atxagari egun osoz aritzeko kontratua egin zion, "gizarte segurantza eta guzti", eta erredakzio taldea osatu. Era horretan, kazetaritzaren genero guztiak lantzen hasi ziren: elkarrizketak, erreportajeak, eta abar.[2] Bestalde, ke arteko urteak izan ziren, frankismoaren zentsura zorrotzekoak eta lerro artean idatzi eta irakurri beharrekoak. Esaterako, Azurzaren garaian 25.000 pezetako bi isun ordaindu ziren, batean "batzokia" hitza erabiltzeagatik eta bestean "naziotasuna". Beste hainbat ere izan ziren, tartean 1970ean Burgosko epaiketa zela-eta egindako editorialarengatik.[1]

1970eko urrian ospatu zuten 400. zenbakia argitaratu izana. Juan San Martin, Martin Ugalde, Anjel Lertxundi, Gurutz Ansola, Edorta Kortadi, Mikel Ugalde eta Gorka Knörr ziren orduko firmen artean. 1972an, Zenbat Gara izeneko atala sortu zen Luis Aranberri Amatiño-ren eskutik.[3] Euskal Herriko eta euskal kulturaren inguruko berriak biltzen zituen, garaiko moldeekin erkatuta bizi-bizi. Hizkuntza alorrean, Xalbador Garmendia zen orduko zuzentzaile. Hamar mila aleko tirada zuen. [4]. Kazetari belaunaldi berria hasi zen aldizkarian idazten, kazetari-estiloa euskarara ekarriz.

Frankismo amaiera eta Trantsizio garaia izan zen Zeruko Argia-ko garairik bizi eta kazetaritzaren ikuspegitik indartsuena. Euskal gizartean bor-bor ari zen dena eta aldizkariko kazetari gazteek bat egiten zuten gertaeren jario eta berotasunarekin, euskal kazetaritza inguruko herrialdeetakoarekin homologatu nahian.[1] Edukien bilakaera itxuran ere islatu zen, eta 1976an egunkari handi moduko hura magazin bihurtu; aurpegi berriko lehen ale horrek pil-pilean zegoen gai polemikoa eraman zuen azalera, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanen koloretako argazkia. 1976ko martxoaren 2an, zentsura gainditu eta Guardia Zibilak Amparo Arangoari egindako torturen argazkiak kaleratu zituen. Zeresan handia eman zuten, baita Euskal Herritik kanpo ere. Aldizkaria bere gorenean zegoen garai hartan, hiru emakumek zeukaten aldizkariaren ardura: Elixabete Garmendiak, Pilar Iparragirrek eta Lourdes Auzmendik.[1]

Bigarren krisialdia (1977-1979)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai loriatsuak izan ziren aldizkariarentzat, baina 1977tik aurrera gainbehera etorri zen. Deia eta Egin egunkariak sortu ziren abertzaletasunaren eskuin-ezker eta Zeruko Argia odolustu egin zen, bai kazetariz eta baita harpidedunez ere. Elixabete Garmendiaren arabera, "Batez ere EAJko alderdikide askok baja eman zuten, gure edizio-lerro borrokalari eta erradikal harekin ados ez zeudelako".[1]

Kolaboratzaile asko zituen aldizkariak. Azalgile lanetan Bixente Ameztoi, Antton Olariaga edo Jon Zabaleta, esaterako; idazten jende ugari, haien artean, Joseba Sarrionandia, baita Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria ere Baietz astea gaizki bukatu atalarekin. Gainbehera giro hartan, Baleren Bakaikoak Joxemari Ostolaza ekarri zuen aldizkarira, eta geroago honek Joxemi Zumalabe eta Jon Barandiaran. Artean hedabidearen jabe ziren kaputxinoekin ere tentsioa gero eta handiagoa zen eta, desadostasun editorialak eta zorrak akuilatuta; 1980ak apurketa ekarri zuen eta aldizkariak Argia izena hartu zuen.[1]

  • 1919ko urtarrilaren 1ean Zeruko Argiaren lehenengo zenbakia atera zuten Iruñeko kaputxinoek.
  • 1963an Zeruko Argia aldizkariaren egoitza berria Donostian kokatu zuten, itxura aldatuz eta astekari bihurtuz. Urte honetan 1. zenbakia kontatzen hasi ziren.
  • 1980an Argia izena hartu zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 Letona Biteri, Xabier. Mende bat kazetaritzaren lokatzetan. Argia astekaria, 2019ko urtarrilak 13, CC BY-SA 3.0, argia.eus (kontsulta data: 2020-7-5).
  2. 1 2 Garmendia, Elixabete. Miren Jone Azurza. Bidegileak saila, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2020, bideoak2.euskadi.eus (kontsulta data: 2020-7-5).
  3. Letona Biteri, Xabier. Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak, Miren Jone Azurzaren begietatik. Argia astekaria, 2009ko abuztuak 2, CC BY-SA 3.0, argia.eus (kontsulta data: 2020-7-4).
  4. (Gaztelaniaz) Bustamante Ramírez, Enrique.- La cultura vasca hoy : (apuntes para un estudio).- Arg. Cuadernos para el diálogo. Colección Los suplementos. 44 zk. Madrid, 1974. Orr.25.