Edukira joan

Ninfa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ninfak eta Satiro, William-Adolphe Bouguereauren margolana (1873)

Ninfak (antzinako grezieraz: νύμφα) edo andderusak[1][2] maila apaleko jainkosak ziren antzinako greziar mitologian, iturri, ibai, baso edo mendietan bizi zirenak. Ninfek zelaien, basoen eta, oro har, izadiaren emankortasuna irudikatzen zuten. Beti ere, aipatutako izaki edo gune natural jakin bati lotuta zeuden,[3] eta beraz, tokiko "jainkosa txiki" modukoak ziren.

Homeroren poemen arabera, Zeusen alabak ziren. Haitzuloetan bizi ziren eta hilkorrak izanik ere, guztiz bizialdi luzea zuten.

Hermes, hiru ninfa eta Achelous. Aikako haitzurdina, K.a. 320-330.

Jainkosa nagusien laguntzaileak izan zitezkeen (Artemisarenak bereziki), eta goragoko maila bateko beste ninfen zerbitzuan ere izan zitezkeen (Kalipsorenak edo Zirtzerenak esaterako). Oro har, ez ziren gizonen etsai. Bestalde, amodioarekin zerikusia duten mito askotan azaldu ohi dira Pan edo Priapo jainkoen edo satiroen maitale gisa, nahiz eta Zeus, Apolo, Hermes eta beste askorekin ere harremanak izan zituzten.

Tokiko ninfa baten eta eskualde edo hiri horretako patriarka (legendazko arbaso sortzaile) baten arteko ezkontzak oso ohikoak ziren greziar mitoetan, batasun horrek erregeari autoritatea ematen baitzion.[3]

Ninfei egiten zitzaizkien sakrifizioak ahuntzak, arkumeak, esnea eta olioa izaten ziren, baina inoiz ez ardoa. Santutegiak eskaintzen zizkieten eta bertan ohoratuak ziren Greziako alde askotan, batez ere iturri edo zuhaiztietatik hurbil. Adibidez, iturri batetik hurbil, Kirtonin (Lokrida eta Beozia), Atikan, Olinpian, Megaran eta beste leku askotan.

Opus sectile teknika erabiliz egindako IV. mendeko mosaikoa: Ninfak Hylas bahitzen. Erromako Giunio Basso basilikako zoruko mosaikoetako bat.

Ninfen gurtza, kontzeptualki, landa herriekin lerrokatzen zen, eta ez eliteekin, talde horietara mugatzen ez zen arren. Atenas klasikoko literaturan, konparazio batera, ninfei buruzko aipamen gutxi irakur daitezke, baina hiria inguratzen duten landa-eremuetan, berriz, kultu horiek praktikatu ziren garai horretan.[4]

Bizi diren lekuaren eta motaren arabera, bi motatan bana daitezke (nahiz eta beste sailkapen batzuk ere egin daitezke). Lehen motakoak dira naturaren gurtzari lotuta dauden behe-mailako jainkotzat hartzen direnak. Bigarren klasean tribu, arraza eta estatuen pertsonifikazioa ziren.

Naturari lotutakoen arten hainbat mota ditugu. Uretan bizi ziren ninfak edo urarekin lotuta zeudenak ziren: itsaso zabaleko ninfak Ozeanideak (Ὠκεανίδες) ziren, Nereidak (Νηρεΐδες), Naiadeak (Νηΐδες) itsaso barekoak, Limandeak (Λιμνάδες) eta Potamideak (Ποταμηΐδες). Mendi eta haitzuloetako ninfak Oreadeak (Ὀρειάδες) eta Orodemníadeak (Ὀροδεμνιάδες) ziren. Basoetakoak, zuhaiztietako eta belardietako ninfak ziren Alseidak (Ἀλσηΐδες), Auloniadeak (Αὐλωνιάδες) eta Napeak (Ναπαῖαι). Driadeak (Δρυάδες), Hamadriadeak (Ἁμαδρυάδες) edo Adriadeak (Ἀδρυάδες) zuhaitz jakin baten "jeinuak" ziren. Eta gehiago were badira.

Bigarren klasean, arraza edo herri batzuekin erlazionatuta dauden ninfak daude, esate baterako, Nisa mendiko (leku mitikoa) Nisiadak, Dodona hiri-estatuko Dodonidak edo Lemnos irlako Lemniak.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila. «andderusa - Tekgunea - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» TEKgunea, www.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-07-09).
  2. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2026-07-09).
  3. 1 2 3 Mateos jiménez, María del Rosario. Las ninfas. Universidad de Cádiz (UCA).
  4. (Ingelesez) Larson, Jennifer. (2001). Oxford university press, 8 or..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]