Musugitarra

Musugitarra edo tronpa antzinako musika tresna bat da, lamelofonoa (mihiaz edo hatzez jotzen den perkusio instrumentua)[1]. Giltza zahar baten itxura du, erdian bibratzen duen altzairuzko mihizka bat duena. Hortzen artean kokatu eta metalezko mihia atzamarrekin jotzen da, dardararaziz. Ezpainak, mihia eta masailak mugituz, nota harmonikoak lortzen dira. Ahoa erresonantzia kutxa baten modukoa da[2], instrumentuak berak ez baitu halakorik[1].
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiak musugitarra hitza onartu du. Hala ere, tokiko euskarazko testuetan tronpa eta musu-musika sinonimoak ere aurki daitezke.[3] Durangaldean —han tradizio handikoa da— tronpa darabilte, eta musugitarra (mosu-gitarra) hitza, harmonika izendatzeko[1].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Ezagutzen diren musugitarrarik zaharrenak Txinako Shanxin aurkitu dira, orain dela 4.000 urteko hezurrezko ale batzuk[4]. Shimao izeneko aztarnategiak Neolitokoak ziren, Longhsan kulturako gune politiko eta erlijioso garrantzitsu bat[5]. Pertsona bat musugitarra jotzen jasotzen duen irudirik zaharrena ere Txinakoa da, K.a. III. mendekoa, hura ere Shimaon[6]. Lehen musugitarrak hezurrekin edo banbuarekin egiten ziren.
Asian, musugitarrak jotzen dituzte turkiar herriek, mongoliarrek eta hizkuntza uralo-altaikoez mintatzen diren herriek, tartean Txina iparraldeko, Siberiako, Kazakhstango eta Kirgizistangoek. Japoniako iparraldean ainuek jotzen dute, eta Finlandiako mendebaldean instrumentu tradizionala da[7]. Asia hegoaldean Vietnamen presente dago[8]. Siberiako herriek xamanismoari lotuta jotzen dutenez, baina Amerikan ez denez aurkitu musugitarrarik jatorrizko herrien artean, Azken Glaziazioaren ondoren sortutako asmakuntza bat dela ondoriozta daiteke[9].
Europan aurkitutako zaharrenak Rouengo (Rotomagus) aztarnategi batekoak dira, garai galo-erromatarrekoa (V.-VII. mendeak)[10][1]. Erdi Aroan musugitarraren erabilera zabalduta zegoen jada. 1370eko hamarkada inguruan egindako Baselgo katedraleko erliebe batek zentauro bat instrumentua jotzen erakusten du[11]. Euskal Herrian aurkitutako musugitarrarik zaharrenak Beloagako gaztelukoak direla uste da (Oiartzun). Bertan aurkitutako tronpetako bat, itxura zaharragoa duena, Rouengoaren oso antzekoa da[1]. Amaiurko gazteluan bi musugitarra aurkitu dira. Data ezezaguna da, baina Erdi Aroaren amaierakoak izatea litekeena da[1]. Hirugarren tronpa zahar bat, hori ere datatzen zaila, baina Amaiurko gazteluan aurkitutakoen oso antzekoa, Idiazabalgo Atxurbi mendiko artzain-txabola baten indusketan aurkitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak[1]. Garaiko kontakizunen arabera, Durangoko heresian parte hartu zutenek (1442-1445) tronpa erabiltzen zuten euren artean komunikatzeko[1]. Durangori Tronperri izena ematen zaio inguruan[12], baina izenaren jatorria[13] zein gertakaria bera[14] eztabaidagai dira.
Aro Modernoan aipamen ugari daude, Euskal Herrian zein atzerrian. XV. mendeko Buke of the Howlat umorezko poeman agertzen da, trump izenarekin[15]. Marin Mersennek Harmonie Universelle lanean (1636) esaten du "instrumentua zerbitzarien eta beheko klasekoena" dela[16].
Herri musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian non jotzen zen jakiteko testigantzak eta arkeologiak zein etnologiak bildutako aleak erabili dira. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldeko eremuetan dokumentatuta dago, baina ez da aurkitu testigantzarik Araban edo Ipar Euskal Herrian, adibidez[1]. Durangaldean, lehen aipatutako gertakari historikoak gorabehera, dokumentatu da tronpalari ugari zeudela. Aita Donostiaren arabera (1952) "Durangoko dendetan 1890-1895. urte inguruan tronpak saltzen ziren eta 1906-1910. urte inguruan jotzen omen zuten, oso ongi jo ere". Donostia aldean Edorta Agirre izan zen, 1970reko hamarkadan, tresna horren jotzaile ezaguna. San Telmo Museoan dauden aleetako fitxetan esaten da Ikaztegietan emakumeek jotzen zutela eta Jose Migel Barandiaranek dio Ataunen jotzen zela 1900 inguruan[1]. Hernanin tronpa dantza jotzen zen, ziurrenik arin-arin bat[1], eta beste herri askotan dantzarako tresna gisa aipatzen da.
Orioko San Martin auzoko Sarobe baserriko Jose Peña Gozategik grabazio ezagun bat du Aretxabaletako Nikolas Garmendia eskale eta tronpa-jotzaileari buruz hitz egiten, Juan Mari Beltranek ondoan tronpa jotzen duela[17]. Eskaleen artean musugitarra ohiko musika-tresna zen[1]. XX. mendean Urbia, Zerain eta Antzuolako testigantzak daude, horietako batzuk artzainei lotuta. Izan ere, artzaintzarekin oso lotuta dagoen musika-tresna da, sinplea eta eramangarria delako[1]. Josef Moreten Congressiones apologeticas sobre la verdad de las investigaciones historicas de las antiguedades del Reyno de Navarra liburuaren grabatuan artzain bat ageri da, musugitarra jotzen[18].
1960ko hamarkadan, Euskal Kantagintza Berriarekin lotutako mugimendu kulturalek hainbat musika-tresna zahar berreskuratzen aritu ziren, tartean txalaparta, tobera eta sunprinua, eta hortxe aritu ziren gutxi batzuk tronparekin, adibidez Jentilak izeneko taldea eta Donostiako Argia dantza-taldea[1]. 1980ko hamarkadatik aurrera Juan Mari Beltranek egindako lanari esker grabazioak eta berreskuratzeko lan ugari egin ziren.
Europan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Austrian Maultrommel esaten zaio ("ahozko danbor") eta maitaleak gorteiatzeko erabiltzen zuten ezkongai gazteek. UNESCOko Kultura Ondare Inmaterial izendatu du Austriako musugitarra, Molln herriaren inguruko ohituragatik[19]. 1800 inguruan 33 familia zeuden tronpak fabrikatzeko gremioan Mollnen[20].
Frantzian, La Bordek 1780an honela deskribatzen du guimbarde instrumentua: «Italiarrek Sassa penziero deitua, burdinazko tresna bat da, bost hazbete ingurukoa, triangelu biribildu baten itxurakoa. Ezpainen gainean jartzen da eta, esku batekin, burdinazko mihi txiki bat mugitzen du. Hortz-uztaiaren alderik zabalenean dago itsatsita mihi hori, eta, malguki baten antzekoa denez eta ahoaren zatirik ukitzen ez duenez, hortzen artean durundi egiten du eta soinu nahiko atseginak sortzen ditu. Tresna honi rebube, rebute, espineta edo tronpa ere deitzen zitzaion»[21]. Entziklopediak, urte batzuk geroago, adibide gisa aipatzen du aho-barrunbeen erresonantzia azaltzeko[22]. Madame Campanen arabera, Adelaida Frantziakoak, Luis XV.aren alabak, «instrumentu guztiak jotzen ikasi zuen, adarretik hasi —nork sinetsiko luke?— eta musugitarra barne»[23].
Italian scacciapensieri esaten zaio modu orokorrean, baina izen ugarikoa da. Sardinian sa trunfa deritzo; Calabrian, Campanian eta Piemonten ribeba; eta Sizilian, marranzano.
Asian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Turkiar herriek tradizio handia dute musugitarraren antzeko instrumentuekin. Kirgizistanen termir komuz instrumentua burdinezkoa da, 100-200 milometro luze eta bi eta zazpi milimetro arteko zabalerarekin. Normalki oktaba bat egiteko aukera ematen du[24]. Turkian ağız kopuzu deitzen da[25], eta oso ohikoa zen Anatoliako musika folklorikoan[26][27]. Gaur egun Senem Diyici eta Ravan Yuzkhan musikariek biziberritu dute.
Errusian vargan izena du[28]. Ezagutzen den zaharrena Baxkortostanen aurkitu da, IX. mendeko gune arkeologiko batean. Josif Stalinen garaian debekatutako musika-tresna izan zen, xamanismoarekin lotzen zelako[29][30]. Indian musika karnatikoan erabiltzen da, morsing izenarekin[31], eta Rajasthanen morchang izenarekin. Nepalen antzeko izena du, murchunga (nepaleraz: मुर्चुङ्गा), eta egitura ere antzekoa da, mihia heldulekua baino handiagoa baita. Banbuarekin egindakoak Malingon jotzen dira, eta binayo izena dute. Hala ere, jotzeko modua desberdina da, airea erabiltzen baita banbuzko mihia mugitzeko[32]. Kanbodian banbuz egindako musugitarrari angkuoch (khmereraz: អង្គួច) deritzo[33].
Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat soinu-bandatan erabili den instrumentua da, tartean:
- Per qualche dollaro in più (1965, Sergio Leone) – Ennio Morriconek nabarmen erabili zuen musugitarra Spaghetti Westernaren soinu-bandan.
- Ko To Tamo Peva (1980, Slobodan Šijan) – musugitarra eta akordeoia ditu[34].
- The Emerald Forest (1985, John Boorman) – soinu-bandako hainbat ataletan ageri da.
- Young Mr. Lincoln (1939, John Ford) – Abraham Lincoln ageri da musugitarra jotzen[35].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 Beltran, Juan Mari. «Tronpa» Soinu-tresnak euskal herri-musikan (Soinuenea Fundazioa) III ISBN 978-8409781270..
- ↑ «Euskal instrumentoak» www.euskadi.eus 2004-08-24 (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
- ↑ 文一. «'Beginning sound': Ancient jaw harp promotes musical charm over millennia» global.chinadaily.com.cn (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Ancient musical instruments unearthed in NW China - Xinhua | English.news.cn» www.xinhuanet.com (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Mysterious carvings and evidence of human sacrifice uncovered in ancient city. 2020-08-06 (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Stépanoff, Charles. (2004). «La figure mythique du chamane dans ses représentations audiovisuelles occidentales» Études mongoles et sibériennes, centrasiatiques et tibétaines 35 (1): 17–68. doi:. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Wright, Mr Michael. (2015-12-28). The Jews-Harp in Britain and Ireland. Ashgate Publishing, Ltd. ISBN 978-1-4724-1413-7. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «La guimbarde - l'instrument de musique» www.guimbarde.fr (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Frantsesez) Corroborree. (2025-04-18). «Les différents types de guimbardes et leurs sons uniques» Corroboree (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Musiconis» musiconis.huma-num.fr (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «LOS HEREJES DE DURANGO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gorriti, I.. (2010-01-10). «De sapuherris y tromperris» Deia (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Bazán Díaz, Iñaki. (2007). «Formas de disidencia frente a la iglesia medieval: los herejes de Durango» Norba: Revista de historia (20): 31–51. ISSN 0213-375X. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Carrington Bolton, H. «The Jewshapr» Popular Science 68 (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Fox, Leonard. (1988). The Jew's Harp: A Comprehensive Anthology. Associated University Presse ISBN 978-0-8387-5116-9. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Tartalo. (2023-03-15). Tronpa-musugitarra. Orio-Gipuzkoa, 1985. Jose Peña.. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Moret, José de (1615-1687). (1766). «Congressiones apologeticas sobre la verdad de las Investigaciones historicas de las antiguedades del Reyno de Navarra / por el P. Joseph de Moret de la Compañia de Jesus» liburutegibiltegi.bizkaia.eus (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ gbmh, scharf.net internetdienstleistungen. «Österreichische UNESCO-Kommission - Nationalagentur für das Immaterielle Kulturerbe - Austrian Inventory» immaterielleskulturerbe.unesco.at (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Production of the Molln Jew’s Harp» {$page.logo.alt} (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Frantsesez) La Borde, Jean-Benjamin de (1734-1794) Auteur du texte. (1780). Essai sur la musique ancienne et moderne . Tome premier. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Frantsesez) Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers. 2026-02-11 (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Frantsesez) Campan, Madame (1752-1822) Auteur du texte. (1849). Mémoires sur la vie de Marie-Antoinette, reine de France et de Navarre : suivis de souvenirs et anecdotes historiques sur les règnes de Louis XIV, de Louis XV et de Louis XVI / par Mme Campan,... ; avec une notice et des notes par M. Fs. Barrière. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Slobin, Mark. (1969). Kirgiz Instrumental Music. Theodore Front Music ISBN 978-0-614-16459-6. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) «Hopeful Sound of the Wind: Mouth Harp» Türktoyu - Voyage To The Turkic World (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Randel, Don Michael. (2003-11-28). The Harvard Dictionary of Music: Fourth Edition. Harvard University Press ISBN 978-0-674-01163-2. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Ağız Kopuzu Sanatı» aksaray.ktb.gov.tr (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ (Ingelesez) Abrashev, Bozhidar; Gadjev, Vladimir. (2000). The Illustrated Encyclopedia of Musical Instruments: From All Eras and Regions of the World. Könemann ISBN 978-3-8290-6079-0. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Kolltveit, Gjermund. (2006). Jew’s Harps in European Archaeology. University of Michigan Press ISBN 978-1-84171-931-3. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Vargan, the Russian Jew’s-harp :: Music :: Culture & Arts :: Russia-InfoCentre» russia-ic.com (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Nettl, Bruno, ed. (1998). The Garland encyclopedia of world music. Garland Pub ISBN 978-0-8240-6035-0. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Redirecting...» schoolgk.com (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ «Trumps» www.mouthmusic.com (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Zoran Trucic. (2010-09-21). Drombulja Otpisani ( jew's harp ) Zoran Trucic. (kontsulta data: 2026-02-13).
- ↑ Taps Bugler. (2022-02-11). Music anachronism in Young Mr. Lincoln movie. (kontsulta data: 2026-02-13).