Monumentu

Monumentu bat (latinez monumentum, "oroitzapen"), bi esanahi ditu. Batetik, monumentu historiko, justifikatutako balio artistiko, historiko edo soziala duen arkitektura lan oro da, bai eta oritarrri hitzaren sinonimo dena, pertsonaia bat, pertsonai talde bat, gertakari bat edo, gutxiagotan, kontzeptu bat omentzeko egindako formatu handiko eskultura[1]. Publikoa da eta bere adierazgarritasuna begibistakoa.
Latinezko monumentum hitzetik dator, monere aditzaren nominalizazioa; monere gogorarazi[2] eta ohartarazi esan nahi du.
Jatorrian, pertsonaia edo gertaera garrantzitsu baten omenez egiten zen eraikina adierazteko soilik erabiltzen zen (oroitzapenezko monumentu)[3], baina, hedapenez, edozein eraikin historikok ere jaso du bere esanahian (monumentu historiko). Horrela, haren erabilera hedatu egin da, eta balio "artistikoa, arkeologikoa, historikoa", estetikoa, emozionala edo antzekoa duen edozein eraikuntza ulertzera iritsi da, batez ere, landa-gune edo -gune isolatu batean kokatutako arkitektura-ikurrak.[4]

Ondare kulturala eta historikoa legalki arautzen hasi zenean, figura juridikoa bilakatu zen. XX. mendearen amaieratik, eta kultura ondareari dagokion nazioarteko araudiaren erregulazioaren ondoren, kontzeptua hedatu da balio bereziko toki edo gertaera naturalak eta interes zientifiko, tekniko edo soziala duten lanak barnebiltzeraino.
| « | Iraganeko mezu espirituala daramatenak, herri bakoitzeko eraikin monumentalak, gaur egun, bere lurreko tradizioen testigutza bizia dira. Gizateriak, egunero, giza balioen batasunaren kontzientzia hartzen duelarik, amankomuneko ondaretza hartzen ditu, eta, etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz, solidarioki, bere kontserbazioaren arduraduntzat hartzen du bere burua. | » |

Monumentua eta Monumentu historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mauro Beltrami, kultura ondarean adituak, honela bereizten ditu biak eta, honela definitzen du monumentu historikoa:[4]
| « | Alois Rieglen arabera, "monumentua nahita egindako sorkuntza da (gewollte), eta a bere helburua hasiera-hasieratik kontuan hartzen da; monumentu historikoa, berriz, ez da hasieran desiratua izan (ungewollte), ezta horretarako sortua ere; a posteriori, historialariaren eta zalearen ideiek bat egiten dutenean eratzen dute, eta monumentua eraikinen masaren artean hautatzen da eta masa horren zati txiki bat besterik ez da". Françoise Choayk, Rieglen kontzeptua argitze aldera, honako hau gehitzen du: "iraganeko objektu oro testigantza historiko bihur daiteke, jatorrian oroitzapenezko destinorik izan gabe. Alderantziz (...), giza artefaktu oro oroitzapenezko funtzio batez estal daiteke, nahita ". | » |
—Mario Beltrami | ||
Daniel Palacios Gonzálezek, The Palgrave Encyclopedia of Cultural Heritage and Conflict monografian honela idatzi du monumentuei buruz:[5]
| « | Monumentuak tramankulu materialak eraikitzeko edo kontserbatzeko gizarte-praktiken emaitza dira, eta praktika horien bidez sustatzaileen ideologia adierazten da. Monumentu modernoaren kontzeptua kapitalaren eta estatu-nazioaren garapenarekin batera sortu zen XV. mendean, klase agintariak monumentu deritzona eraikitzen eta kontserbatzen hasi zirenean. Praktika horiek nabarmen ugaritu ziren XIX. mendean, eta horiek gordetzeko marko ideologikoak betebehar humanista unibertsal gisa sortu ziren. XX. mendeak mugimendu bat markatu du monumentu batzuk kontserbatu beharreko hondar gisa kultura-ondare bihurtzeko bidean, eta oroitzapenezko monumentuei dagokienez, kontramugimendu abstrakturantz jo da. Kasu batean zein bestean, monumentuak kontserbatu egin behar dira, bandalismoaren eta ikonoklasiaren aurkako auzia baita monumentuak eraiki edo deklaratu ondorengo estatu-ekintzaren funtsezko osagai bat. Hala ere, monumentu guztiek ez dituzte estatu-nazioen eta klase menderatzaileen interesak ordezkatzen; haien formak mendebaldeko mugetatik harago eta gizarte-mugimenduek ere erabiltzen dituzte monumentuak adierazpide gisa erabiltzen dituzten praktika subertsiboen zati gisa, non lehen Europako eliteenak ziren formak gizarte-talde berriek erabiltzen dituzten, edo Estatuari eta klase menderatzaileei zuzenean desafio egiten dieten tramankulu antimonumentalak sortzeko. Gatazketan, beraz, monumentua baino garrantzitsuagoa da hura eraikitzen edo suntsitzen parte hartzen duten komunitateekin eta gizarte-interakziorako moduak sustatzen dituztenekin gertatzen dena. | » |
—Daniel Palazios Gonzalez | ||

Erregulazio juridikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainian, monumentua, Kultura Intereseko Ondasun kalifikazioaren barnean dauden bost mailetako bat da, Espainiako Ondare Historikoari buruzko Legean (16/1985 Legea, 1985eko ekainaren 25ekoa) xedatu denez.
Frantzian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian, Monumentu historiko izendapena ematen die Kultura Ministerioak garrantzi historiko edo arkitektonikoa duten ondasunei. Legeak, honela definitzen du Monumentu historiko figura:
| « | Monumentu historiko bat eraikin bat da (eraikia edo eraiki gabea: parkea, lorategia, koba...) edo objektu higigarri bat (higigarria edo higiezina eraikin batean helburu duena), eta estatutu juridiko partikular bat jasotzen du, interes historikoagatik, artistikoagatik, arkitektonikoagatik, baina baita interes tekniko edo zientifikoagatik ere, kontserbatu, zaharberritu eta balioztatu dadin. | » |
| Kultura Ministerioa. Frantziako Gobernua. | ||
Beraz, Frantzian, Monument Historique (Monumentu Historikoa) izendapena, Espainian BIC (Kultura Intereseko Ondasun) izendapenaren baliokidea da, eta ingelesezko National Heritage. Euskal Herrian, Kultura Ondare edo Kultura Ondasun litzateke baliokidea. Monumentu historiko izendapen horren barruan sar daitezke: katedralak, zubiak, lorategiak, antzokiak eta dendak, museoak, monumentu megalitikoa, erromatar miliarirri, iturriak, auto jakin batzuk, trenak, itsasontziak, ondasun higigarri batzuk eta antzeko ondasun fisikakoak.
Ordezkaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarri, monumentu klasikoenak (gotorleku, santutegi edo jauregiak), hiri edo nazio baten ikurtzat hartzen dira, eta identifikazio geografikoko bereizgarri suertatzen dira askotan. Honela, Florentziako Palazzo Vecchioa, Madrilgo Alcalako Atea, Parisko Eiffel dorrea, Granadako Fonelas herriko armarrian agertzen den Brontze Aroko estela, eta, Euskal Herriaren kasuan, Foruen monumentua Iruñean, Gernikako arbola eta Batzarretxea, Gernikan, Guggenheim Bilbao Museoa Bilbon, Loiolako Santutegia Azpeitian, Arantzazuko santutegia Oñatin, Mauleko gaztelua Zuberoan, edo Gasteizko Andre Mariaren katedrala, Andre Maria Zuriaren plaza Gasteizen, Andre Mariaren katedrala Baionan, aipaturiko herri eta hirietako ikur dira.
Hilobi monumentuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orain baino lehen, hilobi-monumentuei aplikatzen zitzaien bereziki, eta, beraz, hizkuntza "hilobi" hitzaren sinonimoa da, adibidez, Testamendu Berrian, non monument, molumentu, molimentu aldaerekin agertzen den.[6]
Hilobi monumentalek lehen adibideak Egipton aurkituko ditugu, piramideetan, eta baita piramideen eta geroagoko faraoien hilobietara atxikitako hil-tenpluetan, faraoi hildakoen "arimak" gurtzeko eraiki zirenak.
Heroon
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Heroon heroi gurtzarako erabiltzen ziren hilobi-monumentuen edo tenpluen izena zen, hilobiaren gainean eraikita egon ala ez. Mizenastar zibilizaziaoren Tholoi izan daitezke horien aurrekariak.
Anfipoliseko hilobia heroi gisa identifikatu da. 2015eko irailean, indusketaz arduratzen zen arkeologo-taldeak, Katerina Peristeri buru zuela, iragarri zuen, bere azterlanen emaitzen arabera, hilobi-monumentua Alexandro Handiaren aginduz eraikia izango zela, bere lagun Hefestiori omenaldi gisa. Plutarkok bere obran kontatzen du, mazedoniar erregea, adiskidearen heriotzagatik etsita, Deinokrates arkitektoari agindu ziola "santutegiak eraikitzeko bere jabari guztietan".[7] Antzeko gauza egin zuen ehunka urte geroago Adriano enperadore erromatarrak Antinoo maitalea hil zenean. Inperio osoan barrena haren irudiaren kopiak egiteko agindu zuen, eta, gainera, tenplu bat eskaini zion bere heriotzaren lekuan, izen aldatu ziona eta Antinoopolis berrizendatu.

Erroman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Varronen arabera, monumentum eta memoria hitzek eremu semantiko bera partekatzen zuten. Askotan, lehenengoa eraikuntza sendo batean gauzatzen zen, eta testu epigrafiko batekin osatzen zen. Bere funtzioa oroitzapena eragitea eta iraunaraztea zen.[8] Erromatarren monumentu garrantzitsuenetako bat, memorian irauteko helburu argia zuena haiz zuzen, Res Gestae Divi Augusti izan zen. Augustok bere mausoleoaren atean brontzezko bi plaketan jartzeko agindu zuen inskripzio luze bat da, bere obra politiko eta militarra kontatzen duena. Inperio osoan barrena kopiak egin ziren , Ankaran (Monumentum Ancyranum) greziar bertsio nabarmen bat gorde zuen bere hormetan, eta Antiokian (Monumentum Antiochenum) latinezko bertsioaren zatiak gorde dira.[9][10]
Beste "monumentu" mota batzuk (gure egungo ikuspuntutik horrela izendatuko genituzkeenak), garaipenak gogorazteko, garaipen-zutabeak izan ziren, hala nola, Trajanorena edo Marko Aureliorena. Dena den, erromatarren artean, garaiko monumentutzat har ditzakegun beste garaikur batzuk erabili ziren, bidenabar, garaipen arkuak eta dorre trofeoak (Tropaeum). Bestalde, Erromatarrentzat esanahi ideologikoa eta historikoa zuen monumenturik zaharrena Lapis Niger zen, antzinako inskripzioa bat zuena, zeina esanahi zehatza garai klasikoan jada ahaztuta zegoen, baina Foroan errespetuz zaintzen jarraitzen zen, Vulcanoren santutegiaren ondoan (Erromako balizko lehen garaipen militarrak ospatzen zituena).
Monumentu historiko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1964ko Veneziako gutunean, ICOMO (International Council on Monuments and Sites) erakunde sortarazi zuena, honela definitzen du monumentu historiko hitza:
| « | Monumentu historikoaren nozioak arkitektura-sorkuntza isolatua barne hartzen du, baita zibilizazio partikular baten, bilakaera esanguratsu baten edo gertaera historiko baten testigantza ematen duen hiri- edo landa-multzoa ere. Sorkuntza handiei ez ezik, denborarekin esanahi kulturala hartu duten obra apalei ere egiten die erreferentzia. | » |
| Veneziako gutuna. | ||
«Monumentu historiko» adierazpenaren lehen aipamena 1790eko Frantziako Iraultzaren jazoeren artean aurkituko dugu. Aubin Louis Millin de Grandmaisonek, Batzar Nazional Konstituziogilearen aurrean, Bastillaren eraisketa zela eta, "monument historique" deitu zionean. Europako hainbat herrialdetan, kontzeptuaren erabilera berria orokortu egin zen akademikoki eta teknikoki, duintzat jotzen ziren lan zaharrak zaharberritzeko eta birgaitzeko lanei ekin baitzitzaien. Juridikoki, monumentuaren kontzeptua pixkanaka ezarri zen herrialde bakoitzean, XIX. mendean zehar eta XX. mendearen hasieran; lehenik, monumentu-izaerari buruzko apelazio orokorren bidez eta gero, aurrekontuetan, mantentzeko partidak esleitu zirenean eta adituen batzordeak eta haiek zaintzeko administrazioko langileak izendatu zirenean; gero, inbentarioak, erregistroak eta bildumak osatu ziren eta, azkenik, Estatuek «monumentu nazionalak» aitortzeko eta babesteko legeak propio onartu ziren: 1803tik 1915ra Espainian,[oh 1] 1795tik 1887ra Frantzian,[oh 2] 1906an Amerikako Estatu Batuetan,[11] eta 1909am Italia[12], besteak beste. XX. mendearen lehen erdian, mendebaldeko herrialde gehienek beren ondareak babesteko eta kontserbatzeko legeak onartu zituzten.

Natur monumentuak eta monumentu teknikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen amaieratik aurrera, eta ondare historikoaren arloko nazioarteko araudia finkatu ondoren, monumentuaren kontzeptua natura babestearen esparrura zabaldu da, Natur ondarea kontzeptua ere garatu da, eta gogoratzeaz gain babestea merezi duten mugarri natural garrantzitsuetan (natura-monumentuak, balio bereziko naturguneak) eta interes zientifiko eta teknikoko obretan aplikatu da.
Monumetnu natural bat, berezko bitxitasunagatik balio berezia duen ezaugarri natural/kulturala da, ezaugarri estetikoen edo esanahi kulturalaren adierazgarri dena. Honako hauek dira monumentu natural bat aukeratzeko orientabideak. Batetik, eremuak garrantzi handiko ezaugarri bat edo gehiago izan beharko lituzke (ezaugarri natural egokien artean, ur-jauzi ikusgarriak, haitzuloak, kraterrak, ohe fosilak, harea-dunak eta itsas ezaugarriak, fauna eta flora berezi edo adierazgarriekin batera; lotutako kultura-ezaugarriek haitzuloetako etxebizitzak, gailurreko gotorlekuak, arkeologia-aztarnategiak edo herri indigenentzat ondare garrantzitsua duten natura-guneak barne har ditzakete). Bestalde, eremuak behar bezain handia izan beharko luke, ezaugarri horien osotasuna babesteko, bai eta ingurune hurbilak babesteko ere.[13]
"Monumentu tekniko" eta "ondare teknikoa" ez dira oso erabiliak. Espainiako legediak, kasu, Monumentu historikoa kontzeptuaren baitan daudela ulertzen du (16/1985 legea, ekinaren 25ekoa, Espainiako Ondare Historikoari buruzkoa, 1. artikulua). Baina, Txekiako administrazioak, adibidez, hitz hori erabiltzen du: The technical monuments. Ceská Lípa[Betiko hautsitako esteka]. Dena den, zabalduago dago Industria Ondarea kontzeptua.[14]
Monumentu militarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako zibilizazioek herriek beren garaipenen oroitzapenezko oroitarriak eraiki zituzten. Ezaguna da, adibidez, Naram Sim akadtar erregearen estela. Antzeko funtzioa izan zezaketen Kolonaurreko Amerikako antzeko monumentuek, hala nola maien estelek.
Antzinako greziarren ohitura zen, garaipen militar baten ondoren, garaituen hondakinekin monumentuak eraikitzea, beren armak pilatuz, τρόρπαον-(tropaion -tropé -erretiratze edo porrotaren deribatua-) deitzen zirenak, latinez tropaeum edo trophaeum.[15] Harrapakinak tenpluetara ere eramaten ziren opari gisa. Maratongo guduaren ondoren, ohore berezi gisa, bando garailearen hildakoak (greziarrak pertsiarren gainean) tumulu batean lurperatu zituzten elkarrekin. Alexandro Handiak Granikoko monumentua deiturikoa eraikitzeko agindu zion Lisipori, izen bereko guduan eroritako greziarrak ohoratzeko, eta Atenasko Partenoiari hirurehun armadura persiar eman zizkion trofeo gisa.[16]
Erromako Senatuak jeneral garaileei emandako garaipenak ospatzeko, "tirunfoa" ospatzeko baimena ematen zietan, jeneralek beren harrapakinekin eta soldaduekin Erromako kaleetan desfilatzeko. Bestalde, ohitura arkaikoa zen gerratik etortzen ziren soldaduak arku batetik pasatzea, "purifikatzeko". Ohitura horietatik sortuko zirten garaipen-arku monumentalak altxatzearen ohitura, garaipen-kolomak ez bezala, hilobi-monumentu izaera ez zutenak.
Aro Garaikidean ohikoak dira soldadu ezezagunaren monumentuak, askotan lurperatze leku batekin bat eginez.
- Parisko Garaipen Arku azpian dagoen soldadu ezezagunaren hilobia.
- Espainiaren alde eroritakoen monumentua Lealtad plazan (Madril).
- Völkerschlachtdenkmal (" Leipzingo gudua (Leipzig 1913) gogoratzeko monumentua.
- Arlingtongo kanposantua, Arlington Memorial Amphitheater (eraikin zirkularra) eta aurrealdean, Ezezagunen hilobia. Virginia, AEB
Monumentuen gurtza modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alois Riegl-ek, Monumentuen gurtza modernoa liburuan (Der Moderne Denkmalkultus, 1903an argitaratua, egilea Austro-Hungariar Inperioko Monumentu Historikoen Batzordeko lehendakaria zenean), modernitatearen berezko ezaugarritzat hartzen du monumentuak balioetsi eta kontserbatzeren nahia, oroitzapenezko esanahiaz harago, formaren "borondate" modernoaren bidez (wolstl-a, vienar artearen historiaren kontzeptuan).[17] Monumentuen balio historikoa haien kontraesanean datza: alde batetik, iraganeko, agian oso urruneko, garai batetik datozelako eta bizirik irautea lortu dutelako ezagutzen ditugu, baina, aldi berean, izaera horrek beste eraikin batzuk baino gehiago zaintzea eskatzen du, eta, beraz, modu berezian zaintzen dira.[18]
Polemika iturri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arrazakeriaren aurkako egungo protesten ondorioz, esklaboen jabeak eta nagusi kolonialak beren idulkietatik erauztzi izan dira leku eta geratkiren baitako tesuinguru batzuetan. Adibidez, Edward Colston esklabo-merkatariaren estatua manifestariek bota zuten Bristolgo portuko arroan, Ingalaterran. Bostonen, manifestariek Cristobal Colon nabigatzailearen estatuari burua moztu zioten – azken finean, bere "aurkikuntza europarrak" Amerika kolonizatzera eraman zuen, geroago herri indigenen genozidioan gertatu zena-. Eta Leopoldo II .a errege belgikarra ere, Kongon erregimen kolonial basati bat ezarri zuena, beste asko bezala, kendu egin dituzte agintariek, badaezpadako neurri gisa.
"Black Lives Matter" mugimenduak eztabaida zahar bat ekarri du esparru publikora. Urteetan eztabaidatu izan da, batez ere Europan eta Estatu Batuetan, antzinako "heroiak" nola tratatu. Haietako askok munduaren ikuspegi erabat arrazista zuten, jendea zapaldu, esklabo bihurtu eta hil egiten zuten, adibdiez Edward Colstonen kasuan bezala. Bestalde, historialari batzuek, monumentuak iturri historiko gisa babesteko eskatu dute.
Herrialde komunita ohi askotan, adli berean, monuemntu komunistak eraitzi edo erretiratu dituzte eta kasu batuetan debekatu dituzte.[19]
Esukal Herrian, sonatua izan zen Amaiurko gazteluaren gainean eraiki zen obeliskoa eraikitzeko erabakiaren inguruko eztabiada; Nafarrroako Probintziako Monumentuen komisioak Amairuko gaztelua defendatu zuten azken soldaduen omenez monumentu bat altza nahi zuen gateluaren hondakinn gainean eta horrek, nola gauzatu nahi zen eta zer esanhi eta sinbolismo eman nahi zion inguruko kritikak jaso zituen beste alderdi batzuetatik.[20] Tentsio politiko handiaren erdian, ezezagunek monumentua suntsitu zuten dinamitaz 1931ko uztailaren 26tik 27rako gauean. Garai hartan, Nafarroa Garaiko udalak Lizarrako estatutua eztabaidatzen ari ziren. Ekintza horren ondoren, oroitarriaren hondarrak baizik ez ziren gelditu lekuan. Halaxe geratu zen Espainiako Bigarren Errepublikaren eta Francoren diktadurako hurrengo 50 urtean, 182. urterarte, monolitoa berriz jarri eta inauguratu zenean.
Espainiar estatuan, 2007ko Espainiako Oroimen Historikoaren Legea eta, bidenabar, hori ordezkatzeko onartu zen 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen ondoren, monumetnu frankistak identifikatu eta eraitzi edo erretiratu behar dira.[21][22]
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pekingo behatoki zaharraren hondarrak
- Golden Gate, San Frantzisko, Kalifornia.
- "Turing bnonba" Bletchley Parken, Erresuma batua
- Baikonurreko kosmodromoan erakusten den teknologia sobietarra.
- Sain Deniseko basilikan hobiratuta dauden Henrike II.a Frantziakoaren eta Katalina Medicirena.
- "Brontzezko Zalduna", Petri I. Errusiakoaren monumentua San Petersburgon, aldi berean tsar honek sortutako hiri monumentala dena.
- Poets' Corner ("Poeten txokoa"), Westminster abadiako lekuetako bat, pertsonaia nabarmenen hilobi-monumentuak hartzen dituena
- Père Lachaise hilerrian Abelardo eta Eloisaren monumentua
- Yasukuni santutegia (Tokio).
- Deutsches Eck, Koblentza, Alemania
- Dreuxeko erret kapera. Eure-et-Loir, Frantzia.
- Alfontso XII.a Espainiakoaren monumentua, Parque del Retiro, Madril.
- Albert Memorial, Londres.
- Altare dell Patrai. Vittorio Emanuele IIarien omenez eraikia, Erroma.
- Askatzileen omenezko monumentua, Guayaquil, Ekuador.
- Shrine of Remembrance,Melbourne, Australia
- Lone Pine (Pinu bakartia) "Pinu bakartiaren guduan", Gallipolin, eroritako soldaduak oritzeko hilerri eta monumentuaren artean. Gallípoli, Turkia
- Çanakkale Şehitleri Anıtı Gallipoli, Turkia
- Treptower Parkeko sobietarren monumentua. Berlin.
- Foruen monumentua. Iruña
- Elaknoren omenez egindako monumentua. Getaria, Gipuzkoa
- Wellingtongo dukearen monumentuan, trafiko kono bat buruan duela, ohitura bilakatu dena. Glasgow, Eskozia.
- Gengis Khanen monumentu erraldoia. Mongolia
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Juan Manuel Becerra, La legislación española sobre patrimonio histórico. Origen y antecedentes liburuan legeriaren adibide hauek aipatzen ditu: 1803ko ekainaren 6ko Errege Zedula ("monumentua" kontzeptua ezartzen du eta "Ondare Artistikoaren Babesa" lehen aldiz arautzen du), eta horren atzetik datoz 1844ko ekainaren 13ko Errege Agindua ("Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeak" ezartzen dituena), 1857ko irailaren 9ko Moyano Legea (San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren zaintzapean "erresumako monumentu artistikoak" jartzen dituena), 1873ko abenduaren 16ko Dekretua (merezimendu artistikoko edo balio historikoko eraikinak edo kontserbatu beharreko monumentuak kontserbatzearen ardura udalei eta aldundiei egozten diena), 1911ko Indusketa Arkeologikoen Legea eta 1915eko Monumentu Arkitektoniko-artistikoen Legea. Egungo legeen multzoari dagokionez, 1985eko ekainaren 25eko Legerekin, Espainiako Ondare Historikoari buruzkoa, du abiapuntu.
- ↑ 1795 eta 1816 artean Musée des monuments français bat sortu zen. Geroago, 1819an, lehen aldiz, kopuru bat (80.000 libera) bideratu zen monumentu historikoetarako Barne Ministerioaren aurrekontuan. 1830ean, monumentu historikoen ikuskatzaile kargua sortu zen (hasieran Ludovic Vitetek eta 1834an Prosper Meriméek bete zutena). 1837an Commission des monuments historiques sortu zen. 1887ko martxoaren 30ekoa Menumentu historikoen kontzerbazionerako legea onartu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2023-12-12).
- ↑ «monument | Search Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (kontsulta data: 2023-12-12).
- ↑ «Labayru Hiztegia :: Bilatu» Labayru Hiztegia (kontsulta data: 2025-07-10).
- 1 2 Beltrami, Mauro. (2010). «El monumento histórico a través del tiempo: Antecedentes y Orígenes» eumed.net (kontsulta data: 2025-07-09).
- ↑ Palacios González, D. (2024). «Monument». In: Saloul, I., Baillie, B. (eds) The Palgrave Encyclopedia of Cultural Heritage and Conflict. Palgrave Macmillan, Cham. https://doi.org/10.1007/978-3-030-61493-5_23-1
- ↑ «monumentu - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-07-10).
- ↑ ABC, Cultura (2015/10/01) La tumba de Amfípolis está dedicada a Hefestión, el amigo de Alejandro Magno
- ↑ José Manuel Iglesias Gil eta Alicia Ruiz-Gutiérrez (arg). (2017). Monumenta et memoria. Estudios de epigrafía romana. Erroma, 5 or. ISBN 9878871408149..
- ↑ Charles Edson y Car Schuler, The Deeds of the deified Augustus
- ↑ «Res gestae divi augusti. Autobiograffía del Emperador Augusto» Universidad Popular (Zaragoza: Zaragozako Udala).
- ↑ An Act for the Preservation of American Antiquities (16 USC 431-433).
- ↑ «Legge del 20 giugno 1909, nº 364 che stabilisce e fissa norme per l'inalienabilità delle antichità e delle belle arti». (hemen argitaratua: Gazzetta Ufficiale, 150 zk., 1909ko ekaineko 28koa).
- ↑ (Ingelesez) «natural monument» European Environment Agency (kontsulta data: 2025-07-11).
- ↑ Transactions of the First International Congress on the Conservation of Industrial Monuments, Ironbridge, 29 May-5 June 1973
- ↑ Hernández, José Antonio Las palabras de moda, 445. or.
- ↑ Cadiñanos, Begoña (2014) El significado de la ofrenda en Atenas y el monumento de Granico en Macedonia por parte de Alejandro tras Granico La Historia viva : Página de historia y antropología.
- ↑ Riegl, Alois (1903) Der Moderne Denkmalkultus Viena eta Leizping
- ↑ Fernández, Aurora Arjones. (2007). Alois Riegl: el culto moderno de los monumentos, su carácter y sus orígenes. Instituto Andaluz del Patrimonio Histórico ISBN 9788482667287. (kontsulta data: 2025-07-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Qué hacer con los monumentos controvertidos? – DW – 17/06/2020» dw.com (kontsulta data: 2025-07-14).
- ↑ Quintanilla Martínez, Emilio. (1994). «El papel de la comisión provincial de monumentos en la polémica historiografía sobre la naturaleza de la unión de Navarra a Castilla» Nafarroako kondairaren Hirugarren batzarre orokorra Iruñea, 1994ko irailaren 20-23.
- ↑ (Gaztelaniaz) Público ,EFE. (2023-03-15). «Los diez monumentos franquistas que pueden ser retirados por la Ley de Memoria» www.publico.es (kontsulta data: 2025-07-14).
- ↑ Marín, Alba; Contreras, Fernando R.. (2023ko uztailare 6a). «El fenómeno visual del vandalismo en la protesta ciudadana contra el monumento y la memoria franquista» on the w@terfront. (Bartzelona: Bartzelonako Unibertsitaea) vol. 65, nr. 06: 3-33. doi:. ISSN on-line: 1139-7365 ISSN on-line: 1139-7365..
Ikusi, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Espainiako Kultura Ministerioa: babestutako ondasun kulturalak
- (Frantsesez) Monumentuak eta Guneak. Frantziako Kultura Ministerioa.
- (Frantsesez) POP : la plateforme ouverte du patrimoine. Frantziako Kultura Ministerioa