Edukira joan

Migraina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Migraina
Migrainak jotako pertsona bat.
Deskribapena
Motaentzefalopatia
eritasuna
Espezialitateaneurologia
Arrazoia(k)ezezaguna
psychological stress (en) Itzuli
Sintoma(k)korroka, fotofobia, oka, buruko mina
goragalea
Azterketa medikoamiaketa fisiko
neuroimaging (en) Itzuli
Asoziazio genetikoa
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakIbuprofeno, parazetamol, triptan (en) Itzuli, ergotamina, eletriptan (en) Itzuli, dihydroergotamine (en) Itzuli, propranolol, fentanil, topiramato, Buprenorfina, Pregabalina, zolmitriptan (en) Itzuli, rizatriptan (en) Itzuli, naratriptan (en) Itzuli, gabapentina, zonisamide (en) Itzuli, botulinum toxin type A (en) Itzuli, sumatriptan (en) Itzuli, almotriptan (en) Itzuli, diklofenako, Lamotrigina, Amitriptilina, Naproxeno, (S)-duloxetine (en) Itzuli, Ketorolako, butorphanol (en) Itzuli, venlafaxine (en) Itzuli, clonixin (en) Itzuli eta almotriptan (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKG43
GNS-9-MK346
GNS-10G43
GNS-9346
OMIM157300
DiseasesDB8207 31876 4693
MedlinePlus000709
eMedicineneuro/218 neuro/517 emerg/230 neuro/529
MeSHD008881D008881
Disease Ontology IDDOID:6364

Migraina sarritan errepikatzen den buruko min mota da. Buruko alde batean izan ohi da mina, gradu moderatu batetik latz batetara doana eta taupakaria edo ziztatzailea izan daitekeena.[1]

Uste da nerbiosistema zentralaren alterazioa (entzefalo-enborraren nukleoen aktibazioa, kortexaren hiperkitzikagarritasuna eta kortex-depresioaren hedapena) eta sistema trigeminobaskularraren erasana (horren ondorioz, neuropeptidoen askapena ematen da, garezurreko hodien eta duramaterraren hantura mingarria sortuz) eragiten duen min neurobaskular-sindromea dela.[2]

Minaz gain, beste sintoma batzuk agertu daitezke, hala nola, goragalea, ahultasuna, soinu eta argiari sentsibilitatea, etab. Gaixotasun neurologikoa da. Arazo neuronalak sorrarazitako gaixotasuna dela uste da. Oso ohikoa da afekzio hau, eta haren jatorria faktore genetikoen eta ingurumen-faktoreen konbinazioa da. Biztanleria orokorraren ehuneko 11-16ri eragiten dio, eta intzidentzia handiagoa du emakumeen artean. Washingtongo Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, munduan gaixotasun hori duten gaixoek 2021ean hiru hamarkada baino gehiago % 58 egin dute gora. Benetako migraina eta beste zefalea edo buruko min mota batzuk bereizi behar dira.[3][4]

Migraina duten pazienteen % 80k 30 urte bete aurretik izaten dute lehen erasoa. Gaixotasunak min akutuko gertakariak eragiten ditu, sintomarik gabeko aldi luzeen artean tartekatuta. Krisien maiztasuna oso aldakorra da; ohikoena hilean behin eta lau aldiz artean gertatzen da, eta 4 eta 72 ordu bitartean irauten du, tratamendurik egiten ez bada.[2][5]

Sintoma iragarleak eta klinika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migraina hainbat fase dituen prozesu ziklikoa da. Minaren aurretik fase prodromikoa agertzen da, erasoa baino egun batzuk lehenago has daitekeena eta migraina aktibatzen ari denaren seinale goiztiar gisa jokatzen duena, aura edo minaren aurretik ere.Fase horretan, sintoma hauek ager daitezke: nekea, zerbikalen zurruntasuna, umore-aldaketak, argiarekiko sentikortasuna, aharrausiak, zorabioa, kontzentratzeko zailtasuna, apetitu-aldaketak eta goragaleak. Sintoma horiek hautematea lagungarria izan daiteke eraso bat iragartzeko.[6]

Bestetik, eragileak krisia eragin dezaketen lehen aipatutako faktoreak dira (estresa, lo falta, baraua edo alkohola, adibidez), nahiz eta ez duten beti kasu guztietan eragiten.Prodromoak eta migrainaren faktore eragileak askotan nahasten dira, hasierako sintoma batzuk (zerbikaletako mina edo fotofobia, adibidez) erasoaren kausatzat har daitezkeelako, baina, berez, erasoaren hasieraren parte dir; hau da, prodromoak dira.Hau ondo ulertzea funtsezkoa da, izan ere, prodromoak behar bezala identifikatzeak aukera ematen baitu azkar jarduteko eta tratamendua hobetzeko.[6]

Fase prodromikoaren ondoren, migraina duten pazienteen %25 ingurutan aura agertzen da. Aurak iraupen laburreko nahasmendu neurologikoak eragiten ditu (ikusmenekoak, sentsorialak edo hizkuntzarekin lotutakoak), minutu batzuetatik ordubetera irauten dutenak, eta ohikoenak ikusmenarekin lotutakoak dira. Buruko mina normalean moderatua edo bizia izaten da, izaera pultsatilekoa, gehienetan alde bakarrekoa, eta ordu batzuetatik egun batzuetara iraun dezake; normalean loarekin hobetzen da. Migraina beste sintoma garrantzitsu batzuekin batera agertzen da, hala nola goragalea, oka, argiaren, zarataren eta usainen aurreko sentikortasuna edota baita kontzentratzeko zailtasuna ere. Jarduera fisikoak mina okertzen du; horregatik, pazienteek atseden hartzea bilatzen dute giro ilun eta isiletan. Episodioek maiztasun eta intentsitate handiko aldakortasuna izan dezakete, eta batzuetan forma arinagoak ager daitezke, tentsio motako zefalearekin nahas daitezkeenak, baina benetan migrainaren aldaerak direnak.[7]

Aura-fasearen ondoren, migraina-krisia iritsiko da, 4 eta 72 ordu arteko iraupenarekin. Mina aldebakarrekoa eta pultsatila izan ohi da, baina aldebikoa ere izan daiteke.[8]

Azkenik, krisialdia izan eta gero, azken fase bat dago, postdromikoa deitzen dena. Hala, neke sentsazioa biharamunean sentitzen da, edo egun gutxi batzuetan zehar. Beraz, lau fase daude migrainetan: prodromoak, aura, buruko mina eta postdromoak.[1]

Izenari dagokionez, hemikranea hitzak grezieraz buruaren erdia esan nahi du, eta gaztelerazko jaqueca arabierazko ax-xaquica hartatik dator, esanahi berarekin: buruaren erdia, hain zuzen ere.[1]

Migraina garuneko jarduera anormal batek, enbor entzefalikoaren aldaketek edo desoreka kimikoek (aldaketa serotoninergikoek) eragiten duten gaixotasun neurologiko konplexua da. Disfuntzio hauek guztiak odol hodiei eta nerbioei eragiten diete, patologia sortuz.[9]

Halaber, migrainaren eragile posible ugari identifikatu dira, besteak beste: ardo beltzaren kontsumoa, otorduak saltatzea, estimulu sentsorial gehiegizkoak (argi distiratsuak edo usain biziak), eguraldi-aldaketak, lo faltak, estresa, faktore hormonalak (hala nola hilekoa) eta zenbait elikagai, pertsona bakoitzaren arabera aldatzen direnak.[10]

Gainera, faktore fisikoek: buruko traumatismoak, lepoko mina edo artikulazio tenporomandibularraren disfuntzioak, migraina-krisiak eragin edo okertu ditzakete.[10]

Aldaketa hormonalek, bereziki estrogenoen gorabeherek, eragin handia dute; izan ere, migraina menarkian ager daiteke, hilekoan zehar areagotu, menopausian okertu eta, kasu askotan, haurdunaldian hobetu (nahiz eta lehen edo bigarren hiruhilekoan okertu daitekeen) eta erditu ondoren berriro areagotu, estrogenoen jaitsiera azkarraren ondorioz. Azkenik, ahozko antisorgailuek eta beste tratamendu hormonal batzuek migraina piztu edo okertu dezakete.[10]

Bestalde, badakigu hainbat genek parte hartzen duten osagai hereditario bat duela, eta orain arte egindako ikerketek eragotzi egiten digute antzematea zein diren, familiako migraina hemiplejikoaren kasuan izan ezik, non mutazio genetiko zehatz bat identifikatu den 1., 2. eta 19. kromosoman. Horrela, pazienteen artean mutatuta dauden kromosomeen arabera, pairatzen diren sintomak aldatzen dira.[9]

Hala era guztiz ere, zein den mutatutako kromosoma alde batera utzita, migrainaren fisiopatologia azaltzen duten hainbat teoria daude:[10]

  • Teoria baskularra: proposatzen du lehenik aura eragiten duen basokonstrikzio bat dagoela, eta gero mina eragiten duen basodilatazio bat.
  • Teoria neurogenikoa (gaur egun onartuena): garunaren hiperkitzikagarritasuna dagoela iradokitzen du, "depresio kortikal hedatua" izeneko aktibitate uhin anormala sortzen duena, aura sortuz eta nerbio trigeminoa aktibatuz, mina sortuz. Teoria honen arabera, odol-hodien aldaketak ez funtsezkoak izango lirateke.
  • Heste-garun ardatza: migraina digestio-arazoekin lotzen du (zeliakia edo heste suminkorra, adibidez). Teoria honek: hantura, hesteetako mikrobiota edo hesteetako iragazkortasuna bezalako faktoreek minaren agerpenean eragina izan dezaketela, eta dietan gertatzen diren zenbait aldaketak sintomak hobetu ditzaketela dio.[10]

Aurik gabeko migraina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoena da. Buruko mina pultsatilekoa izaten da, normalean buruaren alde batean, intentsitate ertain edo handikoa, eta jarduera fisikoarekin okerrera egiten du. Askotan goragalea, oka eta argiaren zein zarataren aurkako sentikortasuna ere agertzen dira. Tratamendurik gabe, 4 eta 72 ordu artean iraun dezake.[11]

Aura duen migraina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migraina klasikoa bezala ezagutzen da. Buruko mina hasi aurretik agertzen diren sintoma neurologikoak ditu, hala nola argi distiratsuak, lerro uhinduak edo hormigueoa. Sintoma horiek normalean 30 minutu inguru lehenago hasten dira.[11]

Hala ere, ez hain arruntak diren beste aldaera batzuk ere badaude:

Hilekoarekin lotutako migraina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume askok zikloaren inguruan jasaten dute, hilekoa hasi aurretik, bitartean edo ondoren, eta sintomak ohiko migrañaren antzekoak dira.[11]

Migraina baliokidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aura agertzen da baina buruko minik gabe. Maizago gertatzen da gaztetan aura zuen migraina zuten adineko pertsonetan. Batzuetan beste gaixotasun neurologiko batzuekin nahas daiteke, horregatik diagnostiko egokia egitea garrantzitsua da.[11]

Migraina zaila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mota honetan sintoma neurologikoak (adibidez, gorputz-adarren ahultasuna, mintzatzeko zailtasuna edo koordinazio-arazoak) luzaroago irauten dute eta buruko mina desagertu ondoren ere mantendu daitezke. Horregatik, larriagoa izan daiteke eta jarraipen mediko estuagoa behar du.[11]

Migraina abdominala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere haurretan agertzen den forma da. Ezaugarri nagusiak sabeleko mina, goragalea, oka eta zorabioak dira, buruko minik gabe. Askotan, haur hauek helduaroan migraña tipikoa garatzeko joera izan dezakete.[11]

Migraina hemiplejikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migraina hemiplejikoaren sintomak ez dira oso ohikoak, baina gorputzaren alde batean ahultasuna, ikusmen lausoa, goragaleak, sukarra, distortsio bisuala eta auraren beste sintoma batzuk ditu. Sintoma horiek iktus baten edo beste gaixotasun neurologiko batzuen antzekoak izan daitezke, hala nola konbultsioak. Beharrezkoa da diagnostiko egoki bat, sintoma horiek edo ahultasuna gorputzaren alde batean agertuz gero.[12]

Begi eta erretina-migraina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begi-migrainak ikusmen-alterazioak ditu, hala nola argi-distirak, forma geometrikoak edo sigi-sagak. Begiko migrainak bi begietan du eragina; migraina erretiniarrean, berriz, begi bakar batean agertzen dira sintoma bisualak. Begietako edo erretinako migraina batean aldi baterako itsutasuna ere senti daiteke. Badira ikusmena galtzea eragin dezaketen beste gaixotasun batzuk ere. Ikusmenean aldaketarik nabarituz gero, jarri berehala medikuarekin harremanetan.[13]

Migrainaren diagnostikoa batez ere klinikoa da, eta sintoma bereizgarriak identifikatzean oinarritzen da, anamnesi zehatz baten bidez, baita azterketa fisiko normal batean ere, non azterketa neurologikoak ez duen alteraziorik erakusten. Ez dago diagnostikoa baieztatzen duen froga espezifikorik; horregatik, irizpide kliniko estandarizatuak erabiltzen dira, hala nola International Headache Society-k proposatutakoak (ICHD-3 sailkapena).[14]

Hala ere, funtsezkoa da alarma-zeinuak identifikatzea, izan ere, horiek beste kausa larriago bat iradoki dezakete. Horien artean daude: bat-bateko hasiera eta intentsitate handiko mina (trumoizko zefalea), 50 urtetik aurrera hastea, denborarekin okerrera egiten duten buruko minak, minbizi-aurrekariak edo immunoeskasia, sukarra, meningismoa, kontzientzia-aldaketak, defizit neurologiko iraunkorrak edo papila-edema. Kasu horietan, proba osagarriak egitea gomendatzen da, hala nola erresonantzia magnetikoa edo, beharrezkoa bada, bizkarrezur-likidoaren azterketa (lunbar-ziztada), patologia larriak baztertzeko.[15]

Diagnostikoan akatsak ere nahiko ohikoak dira. Adibidez, migraina ez da beti alde bakarrekoa ezta pultsatilekoa ere, eta horrek beste zefalea mota batzuekin nahastea eragin dezake, hala nola sinusitisarekin edo ikusmen-nekearekin. Bestalde, aura duen migraina batzuetan iktus iragankorrarekin (TIA) nahas daiteke, batez ere adineko pazienteetan buruko minik gabeko aura agertzen denean. Era berean, ezin da suposatu migraina duten paziente guztien buruko minak krisi berriak direnik, izan ere, mina ereduan aldaketa batek beste gaixotasun bat adieraz dezake.[16]

Azkenik, zenbait gaixotasun neurologiko arrarok migraina, bereziki aura duen migraina, antzeratu dezakete; besteak beste, arteria karotido edo orno-arteriaren disekzioa, garuneko baskulitisa edo gaixotasun genetiko jakin batzuk. Horregatik, ebaluazio kliniko zorrotza egitea funtsezkoa da diagnostiko egokia lortzeko eta tratamendu egokia ezartzeko.[16]

Konplikazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migrainaren konplikazio nagusia desgaitasuna da; izan ere, krisiek irauten duten bitartean eta batzuetan ondoren ere pazienteek ezin dute eguneroko jarduera normalik egin. Migrainak eragin handia du bizi-kalitatean, laneko errendimenduan eta gizarte-harremanetan. Ikerketa epidemiologiko handiek erakutsi dute migraina mundu mailan bigarren kausa neurologiko nagusia dela desgaitasunari dagokionez, eta bereziki gazte eta emakumeengan eragin handia duela. Gainera, forma kronikoetan (hilean 15 egun edo gehiagotan agertzen denean), pazienteen proportzio handi batek desgaitasun larria jasaten du, eta horrek osasun-sistemaren eta gizartearen gaineko karga handia suposatzen du.[17]

Bestalde, migrainarekin lotutako beste konplikazio batzuk ere deskribatu dira, nahiz eta askoz ere arraroagoak izan. Horien artean daude digestio-aparatuko arazoak, hala nola goragalea, oka edo sabeleko mina artikulu osoan zehar aipatu ditugun bezala, eta zenbait kasutan migraina abdominal izeneko aldaera ager daiteke, batez ere haurrengan.[18]

Konplikazio neurologikoen artean, arreta berezia merezi du ictusarekin duen loturak. Ikerketa batzuek erakutsi dute, bereziki aura duen migraina duten pazienteetan, arrisku apur bat handiagoa dagoela garuneko iskemia edo infartu zerebrala izateko, batez ere emakume gazteetan eta beste arrisku-faktore batzuekin (erretzea edo antisorgailu hormonalak erabiltzea) batera. Halaber, kasu bakanetan, migrainak hemorragia zerebralarekin edo bestelako nahasmendu baskularrekin ere erlazionatu izan da, nahiz eta lotura hori ez den hain sendoa eta oraindik ikerketa gehiago behar den.[19]

Azkenik, azpimarratzekoa da migrainaren konplikazioek ez dutela soilik eragin fisikoa, baizik eta eragin psikologikoa eta soziala ere badutela. Depresioa, antsietatea eta loaren nahasmenduak maizago agertzen dira migraina duten pazienteetan, eta horrek are gehiago okertu dezake gaixotasunaren bilakaera eta tratamenduaren eraginkortasuna.[20]

Migrainaren tratamenduaren helburua sintomak arintzea eta etorkizuneko krisiak prebenitzea edota saihestea da. Hasierako neurri sinpleek lagungarriak izan daitezke, hala nola atseden hartzea giro ilun eta isilean, kopetan konpresa hotzak jartzea, likido ugari edatea (batez ere oka badago) eta, kasu batzuetan, kafeina kantitate txikiak hartzea. Hala ere, tratamendu nagusia farmakologikoa da, eta bi motatan banatzen da: tratamendu akutua (krisia agertzean hartzen dena) eta tratamendu prebentiboa (krisiak saihesteko edo arintzeko epe luzera erabiltzen dena).[21]

Tratamendu akutua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratamendu akutuan, helburua mina azkar arintzea eta funtzionaltasuna berreskuratzea da. Horretarako, hainbat botika erabiltzen dira: triptanak (adibidez, sumatriptana edo zolmitriptana), serotonina mailak handituz eragiten dutenak; ergot-deribatuak, minaren transmisioa murrizten dutenak; eta CGRParen aurkako botikak (kaltzitoninaren genearekin lotutako peptidoa), mina eragiten duten bide neurologikoak blokeatzen dituztenak. Horrez gain, mina arintzeko ohiko botikak (ibuprofenoa edo parazetamola) erabil daitezke kasu arinetan, eta goragalea kontrolatzeko sendagai espezifikoak ere bai. Kasu kronikoetan, toxina botuliniko mota A erabil daiteke krisien maiztasuna murrizteko.[22][21]

Bestalde, tratamendu prebentiboa gomendatzen da krisiak maiz (astean behin edo gehiago) edo oso larriak direnean, edo pazienteak maiz analgesikoak erabiltzen dituenean. Tratamendu honek egunero hartzen diren botikak barne hartzen ditu, eta helburua krisien maiztasuna eta intentsitatea murriztea da. Hala ere, tratamendu egokia aurkitzeko, askotan hainbat aukera probatu behar dira hilabete batzuetan zehar.[21][22]

Tratamendu prebentiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratamendu prebentiboen artean daude antikonbultsiboak, garuneko neurotransmisoreak erregulatzen dituztenak; betablokeatzaileak, tentsio arteriala tratatzeko erabiltzen direnak baina migrañan ere eraginkorrak; kaltzio-kanalen blokeatzaileak, odol-hodien egonkortasuna mantentzen dutenak; eta antidepresiboak, serotonina, norepinefrina eta dopamina bezalako substantzien oreka erregulatzen dutenak. Tratamendu horien eraginkortasuna pertsona batetik bestera aldatu daiteke, eta horregatik beharrezkoa da jarraipen mediko egokia.[21][22]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 guraso. Migrainak, asaldura neurologikoa – Guraso.eus. (kontsulta data: 2025-11-23).
  2. 1 2 (Gaztelaniaz) «Migraña: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (kontsulta data: 2026-03-31).
  3. (Gaztelaniaz) Arrilucea, Adhik. (2025-11-22). «Por qué los casos de migraña se han duplicado desde 1990: todo lo que debes saber sobre esta enfermedad» www.publico.es (kontsulta data: 2025-11-23).
  4. «ZER DA MIGRAINA?» elinberri 2020-04-21 (kontsulta data: 2025-11-23).
  5. Lay, Christine L.; Broner, Susan W.. (2009-05). «Migraine in women» Neurologic Clinics 27 (2): 503–511.  doi:10.1016/j.ncl.2009.01.002. ISSN 1557-9875. PMID 19289228. (kontsulta data: 2026-03-31).
  6. 1 2 (Gaztelaniaz) «De pródromos y desencadenantes. Las fases iniciales de la migraña» Blogs Quirónsalud (kontsulta data: 2026-03-31).
  7. (Gaztelaniaz) «Migraña - Trastornos neurológicos» Manual MSD versión para profesionales (kontsulta data: 2026-03-31).
  8. (Gaztelaniaz) «Migraña - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2026-03-31).
  9. 1 2 Grangeon, Lou; Lange, Kristin Sophie; Waliszewska-Prosół, Marta; Onan, Dilara; Marschollek, Karol; Wiels, Wietse; Mikulenka, Petr; Farham, Fatemeh et al.. (2023-02-20). «Genetics of migraine: where are we now?» The Journal of Headache and Pain 24 (1): 12.  doi:10.1186/s10194-023-01547-8. ISSN 1129-2377. PMID 36800925. PMC 9940421. (kontsulta data: 2026-03-31).
  10. 1 2 3 4 5 Kelman, L.. (2007-05). «The triggers or precipitants of the acute migraine attack» Cephalalgia: An International Journal of Headache 27 (5): 394–402.  doi:10.1111/j.1468-2982.2007.01303.x. ISSN 0333-1024. PMID 17403039. (kontsulta data: 2026-03-31).
  11. 1 2 3 4 5 6 (Gaztelaniaz) «Tipos de migrañas | Cigna» www.cigna.com (kontsulta data: 2026-03-31).
  12. (Gaztelaniaz) «¿Qué es la migraña? Adoptamos un enfoque diferente» Association of Migraine Disorders (kontsulta data: 2026-03-31).
  13. Sicheri, Sergio. (2025-07-31). «Diferencia los síntomas de la migraña ocular vs. retiniana: síntomas y tratamientos» Glaucoma Lima Center (kontsulta data: 2026-03-31).
  14. (Ingelesez) «The International Classification of Headache Disorders» ICHD-3 (kontsulta data: 2026-03-31).
  15. (Gaztelaniaz) gaitan, esteban sanchez; ampudia, margarita malpartida. «revista medica sinergia» revistamedicasinergia.com (kontsulta data: 2026-03-31).
  16. 1 2 Friedman, Benjamin Wolkin; Grosberg, Brian Mitchell. (2009-02). «Diagnosis and management of the primary headache disorders in the emergency department setting» Emergency Medicine Clinics of North America 27 (1): 71–87, viii.  doi:10.1016/j.emc.2008.09.005. ISSN 1558-0539. PMID 19218020. PMC 2676687. (kontsulta data: 2026-03-31).
  17. (Gaztelaniaz) «Migraña | National Institute of Neurological Disorders and Stroke» www.ninds.nih.gov (kontsulta data: 2026-03-31).
  18. (Ingelesez) Communication, Marketing and. (2023-06-22). «Migraña: No sólo un fuerte dolor de cabeza | University of Utah Health» healthcare.utah.edu (kontsulta data: 2026-03-31).
  19. (Gaztelaniaz) Sheikh, Huma. (2019-08-05). «La relación entre el ictus y la migraña» Association of Migraine Disorders (kontsulta data: 2026-03-31).
  20. (Ingelesez) «Migraine and other headache disorders» www.who.int (kontsulta data: 2026-03-31).
  21. 1 2 3 4 (Gaztelaniaz) «Migraña - Diagnóstico y tratamiento - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2026-03-31).
  22. 1 2 3 (Gaztelaniaz) Láinez, J. M.; Castillo, J.; González, V. M.; Otero, M.; Mateos, V.; Leira, R.; Pascual, J.. (2007-04-01). «Guía de recomendaciones para el tratamiento de la migraña en la práctica clínica» Revista Clínica Española 207 (4): 190–193.  doi:10.1157/13101849. ISSN 0014-2565. (kontsulta data: 2026-03-31).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]