Libertimendua

Libertimendua, inauteri garaietan ospatzen den[1] erritu edo sorkuntza moldea da[2], antzerkia, bertsoa, dantza eta musika elkartzen dituen[3] euskarazko[4] artedrama[5]. Euskal Herri osoko inauterien gisan, negua atzean utzi eta eguzkiaren berpizkundearekin[6] lotzen den garaian, lurra esnatzeko ospakizunek, Behe Nafarroan eta Lapurdin hartzen duten forma da, urtean behin gertatzen dena.
2006ko otsailaren 26an, Antton Luku idazle, irakasle, antzerkilari eta ikerlariak, Nafarroako ikastetxeko ikasleekin eta Garaztarrak dantza taldearekin berpiztu ostean[5], Nafarroa Behereko zein Lapurdi barnealdeko hainbat herritan talde euskaltzaleen zein dantza taldeen bultzadaz berpiztu dira azken bi hamarkadetan, eta Nafarroa Garaira eta Gipuzkoara ere iritsi dira[5].
Indarra duen antzerki satirikoa da[5], hilabete luzez prestatzen den herri lan baten emaitza kolektiboa. Aldi berean, hauskorra ere bai, urte batetik bestera gazte talde berri baten menturaren menpe dagoelako.[5] Zirtzilen rolak burutu ohi dituzten herriko gazteak, dantzariak eta bertsolariak dira protagonista, umorearen eta satiraren bitartez aktualitatea eta urte osoan zehar igaro diren tokian tokiko gaiak jorratzen dituztenak[7], jasaten dituzten egoeren eta beren buruen kritika soziala eginez.[8]
Herrietako jendeak beren egoera eta errealitateari buruz kritikotasunez eta euskaraz pentsatu, jokarazi eta jostaraztea du helburuetko bat. Herrietako harremanak erregulatu eta egituratzeko ere tresna aproposak dira.[6] Gidoi baten gainean antzezten den arren, beti dago unean uneko egokitzapenei eta bat-bateko aldaerei irekita. Irekitasun eta bat-batekotasun horretan datza ikusmin nagusia, baita umorearen zorroztasunean ere.[4]
Iparraldean ospatzen diren ihaute garaiko festarik entzutetsuenak Zuberoako maskaradak diren arren[7], libertimenduen moldeak gorakada nabarmena izan du azken urteetan. Lapurdi eta Behe Nafarroako herrietan batez ere. Euskal Herri osoko probintzietan ematen diren ihauterien jatorria bertsua den arren, Maskaradek eta Libertimenduak osagai komun ugari dituzte.
Biak dira tradizioarekin harreman zuzena duten moldeak, baina batek ere ez dio iraganari erreparatzen. Alderantziz, handik abiatuta, gaur egungo gizarteari zuzentzen zaio, tradizioko elementuak hartu eta gaurko gertaerekin nahasian jolas eginez[4]. Herritarrei begira egiten den erritua da, herriak bere duena[9], ikuskizun izaerarik gabe[9].
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Libertimenduaren jatorria urtaro aldaketari zor zaio. Aldaketok, mundu osoan zehar ospatzen dira[6], nagusiki naturaren baitan eratutako jainko zein piztiei eta naturari berari lotutako adierazpideekin[6]. Sustrai euskaldunak dituzten erritu edo ohitura gehienek ere urtaro aldaketekin eta negu zein uda parteko solstizioekin dute zerikusia[6]. Libertimendua udaberriari[6] ate joka aritzeko molde bat da, negua atzean utzita aro eta eguzki berriari ongi etorria[6] egitekoa.
Negua eguzki ordu gutxiko sasoia izaki, hain beharrezkoak ditugun argi eta bero iturria galtzeko kezka da lurra iratzartzera garamatzana[6]. Iratzartze hori dute oinarrian neguko festa eta ospakizun guztiek, nahiz lekuan lekuko osagai eta izendegiak hartzen dituzten[6]. Aro berria iragartzeko garai honi erreferentzia egiteko adibidez, inauteri, ihauteri, ihaute, aratuste, ijote eta antzeko terminoak ditugu ezagun. Mozorroa ere momoxorro, mamuxarro, mamarru, koko, kokomarru, kokomoxorro, makarlarro eta antzeko terminoz izendatua da, eta beste hainbeste gainerako osagaiei dagokienean ere.
Inaute garai honetako errituen artean, bada batean zein bestean errepikatzen den elementurik ere. Esanguratsuena hartza[6] bera litzateke. Hain zuzen ere, negua leizean heriotzarengandik gertuko loaldi luze batean igarotzen duen animalia edo piztia, eguzkiaren aro berriarekin iratzartzen dena. [6]Euskal tradizioaren arabera, iratzartze hori kandelaria egunez gertatzen da, kandelak argi berri hori sinbolizatzen duelarik.[6] Argi berria iragarriko duen hartzaren iritsierarekin loratuko dira hango eta hemengo ospakizun eta errituak, baita libertimendua ere.[6]
Libertimenduan irudikatuko dena ere neguaren eta udaren arteko trantsizio hori izango da. Neguan zirtzilak izango dira herriaren jabe, eta bolantek lekua hartuko diete udaren erakusgarri. [10]Izan ere, libertimenduak lehenik, Santibate dauka erritu aitzindari gisa. Santibate zirtzilen gaua da; ordura arte negua da nagusi, baina santibatekariek desafio egiten diote etxez etxe eske ibiliz, urteko zerriki zatiaren bila. Egun, santibatea ez da denean mantentzen, baina tokian tokiko ezaugarriekin[6] libertimendu guztietan errepikatzen da herriko gazteen ahotsean egiten den iragan urtearen kritika eta udaberria iragarpena.[9] Oinarrian gainerako inauterietan gertatuko dena errepikatzen da.
[6]Esaterako, hainbat herritan, pertsonaia doilor jakin bat egiten da neguko gertakizun ilunen eta erru kolektiboaren petzero. Arabako Porretero izeneko pertsonaia esaterako, errekara botatzen da epaitu eta putreek jan dezaten.[11] Ezagunenak akaso Mielotxin eta Markitos[6] izango dira. Izaki beldurgarriak biak ala biak ere, heriotza dakarrena eta bera ere heriotzaren bitartez garbitua bata; eta urtean zehar gertatu diren lapurreta eta hilketen arduradun bestea. Hauen gain ezarriko da txar guztia, herritarren aurrean hil eta errautsetatik garbitutako urte berria loratuko delarik.
Pertsonaia hauek, urtero egiten diren ospakizunen parte dira. Ospakizun hauek formari eutsi diote[1] eta objektu ezberdinen zarata edo soinuen laguntzaz burutzen dute iratzartzea[11]. Gisa honetakoak dira Zubietako, Iturengo, Lantzekoa zein Sakanako hainbat txokotko inauteriak[1]. Formari izaera propioagoa batez eutsi diotenak Zuberoako maskaradak izan dira[1], nahiz hauek urtarriletik apirilera bitarte asteburuz asteburu ospatzen diren, Zuberoako hainbat herri zeharkatuz[12]. Libertimenduak bestelakoak dira, era batean zein bestean berpiztea lortu baitute, baina ez dira herri bateko sustrai propioei lotuak, eta ez dute etorkizun zihurrik ere.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Libertimendua betidanik ospatu izan diren solstizio garaietako ospakizunen parte da. XX. mendeko mundu gerren garaian galtzeko zorian egon ziren, 70. hamarkadan ikastolen bultzadaz indartu ziren arte. 80. hamarkadatik hasi eta hogei urte inguruko etenaren ondoren, 2006ko otsailaren 26an berpiztu zen Donibane Garazin, Antton Luku idazle, irakasle, antzerkilari eta ikerlariaren eskutik[5], Libertitzeaz liburuko teorizazioak plazara ekarrita[3].
Berpizkunde hartan, Nafarroako ikastetxeko ikasleek eta Garaztarrak dantza taldeak hartu zuten plaza, eta beste askoren artean, Lukuk Annie Jauregibehere irakaslea izan zuen lagun jantzitegi zein forma kontuei zegokienean, alor estetikoan alegia. Zuberoako Uztaro artista kolektiboaren laguntza ere ukan zuten libertimendu birrasmatu horretako estetika kontuetarako, Gonzalo Etxebarria eta Eric Gelosena bereziki.
Helburua, ez zen eredu zahar bat, folklorea bailitzan, berpizteagatik soilik berpiztea izan, baizik eta errituaren funtzioa berreskuratzea, gaurko egunari egokituz. Alegia, tabuak hausten segitzea inauteri garaiek baimentzen duten bezala.[5] Birsortze horretatik ia hogei urte igaro diren honetan, belaunaldi berriek artedrama konplexua den libertimenduaren funtzio horrekiko duten ikuspuntua da zalantza nagusietako bat. Ordea, adierazgarri da 2006an lurraren prezioaren espekulazioaren inguruan aritu zirela, besteak beste turismoa eta bioaniztasuna izan zituztelarik jorragai. Gaurkotasunik galdu ez duten gaiak.[5]
Bi hamarkadaz, franko hedatu da Garaziko inauteriko erritu forma hori Nafarroa Beherean eta Garaian, Lapurdin eta Gipuzkoan, eta baliteke datozen urteetan Bizkaiako herriren batera ere iritsi ahal izatea.[5] Esan daiteke loraldi betean dela erritua, eta azpimarragarria da azken bi hamarkadetako berpizkunde honetako emakumeen parte hartzea ere[13].
Zatiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Libertimenduak antolatzen diren herri bakoitzean, moldeak bere aldaera eta egokitzapenak izaten dituen arren, oinarrian bi fasek osatzen dute: Santibateak eta Libertimenduak.[7] Santibatea inauteri astearen inguruan egin ohi zen hastapenetan. Bertan zirtzilak gauaz ibiltzen ziren, karriketan, etxeetan edo ostatuetan dantzatuz eta kantatuz, musikari batzuen eta bertsolariren baten laguntzaz.[13] Egun, leku gehienetan egun batera ekarri ohi da dena eta igande inauteriz edo inauteri garaiko igande batez ospatzen da.
Santibateak negua sinbolizatzen du[7]. Zati honetan gaua, iluna, beltza eta antzeko kontu negatiboak dakartzate zirtzilek eta Santibatek, eta hitza, kritika, umorea edo zirtoa dira besteak beste beren arma nagusiak. Gaurkotasuneko gaiak ekarriko dituzte plazara, beti ere, kritika soziala ardatz hartuta.[14] Beren jardunak bolantak uxatzen ditu.
[7]Libertimenduan, berriz, zirtzilei dantzariak batuko zaizkie plazan; haiekin argia, udaberria, edertasuna, egokitasuna edota dotorezia ekarriz. Dantza, antzerkia, musika eta bertsoa, denak elkarrekin plazan, dantzan[14], udaberriaren garaipena irudikatuz, udaberriaren hasiera sinbolizatzen baitu.[7]
Santibatea ostatu giroan ospatu ohi da, baina libertimenduetan kale eta plazak hartzen dituzte antzezle, dantzari, musikari eta bertsolariek.[14]
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Libertimenduan, antzezle, dantzari, musikari eta bertsolariek hartzen dute parte. Antzezleek zirtzilen rola betetzen dute, negua eta basakeria irudikatuz. Dantzariek argia eta boterea dakarte eta joko espazio eta espazio politikoa markatzen dute. Gero zirtzilei uzten diete sartzen, aktualitateari buruz antzeman dituzten balentriak erakusteko), eta bertsolariak bukatu eta epaitu edo aipatuko du eta publikoaren zein dantzarien boza ere izanen da, baita zirtzilek esaten ez dutenarena ere. Beti kritikatuz, salatuz edo zuzentasun politikorik gabe.
Sakonago aztertzera eginda, zirtzila krepauta eta zikina da[1], gaizki ikasia eta zirikatzailea. Antzerkiaren bidez urtean zehar pasa dena kontatzen dute baina Libertimenduak dantzaria jartzen dio parean, eder eta mutu, eta kantuz ari denez harmonia arrazoinkatuan ihardesten dio bertsolariak. Batzuetan zirtzilaren kritika goraipatzeko, besteetan jendearen hitzaren ordezkari gisa kontra egiteko. Hots ihauteria ezin dute antzezleek eman.
[1]Dantzari edo bolantak berritzera doan eguzkiaren ordezkari dira. Xingolez apainduak, arin eta gazte, errondan dantzan, ziklikoki arraberritzen diren urteen berri emanez. Utzikeriari egitura ekartzen diote, batasun handienean dantzatzea dutelarik helburu. Beren sorkuntza partea ere badute, badakite dantzariek zaldun-ihaute egunez kabalkada batek izenpetzen dituela, “bolant” izena Nafarroa Behereko kabalkadetako dantzarien izenetik baitator[13], eta honek dantzariari eskatzen zaizkion indar guziak ageriratzen baititu.[1]
Bertsolariak aldiz epaile lanak egiten ditu, zirtzilen antzezpena aipatuz eta zenbaitetan umoretik eta kritikatik informazio gehigarria emanez, ikuslegoaren ordezkari gisa zein zirtzilek esan ez dutenaren salatari bezala. Ezin du detailerik galdu, zirtzilek antzeztutako jaikialdi bakoitzean kantatu behar baitu[4].
9 libertimendu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, libertimenduen hedatze eta loraldi garai honetan, bederatzi dira Euskal Herri osoan zehar ospatzen diren Libertimenduak, nahiz urtetik urtera gerta litekeen etenik izatea ere. Azken urtean lau probintziatan egin dira, gehienak Nafarroa Beherean, baina Lapurdin, Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan ere bai. Honakoak dira bederatzi herriak: Donapaleu (Nafarroa Beherea), Añorga (Donostia, Gipuzkoa), Heleta (Baigura, Nafarroa Beherea), Baigorri (Nafarroa Beherea), Iruñea (Nafarroa Garaia), Astigarraga (Gipuzkoa), Hazparne (Lapurdi), Arrosadia (Iruñea, Nafarroa Garaia) eta Bunuze (Oztibarre, Nafarroa Beherea).[14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 6 7 Luku, Antton. «Libertimendua» dantzan.eus (kontsulta data: 2025-05-14).
- ↑ «Zer da Libertimendua eta zein funtzio du bertsoak bertan?» bertsoa.eus (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 «Libertimendua Hitzetik Hortzeran» bertsoa.eus (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 4 «Zirika eta eztenka etxekoei» Berria 2025-03-15 (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 «Libertimendua, bere indarrean hauskor den erritua» Berria 2025-01-30 (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 «“Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira”» Argia (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 4 5 6 Elaide. «Libertimendua, el carnaval de la Baja Navarra» elaide.eus (kontsulta data: 2025-05-14).
- ↑ «Zer da libertimendua?» Argia (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2025-02-21). ««Libertimendua berreskuratzeak hutsune bat bete du»» Kazeta.eus (kontsulta data: 2025-05-14).
- ↑ «“Egiazko urtats da inauterien momentua”» Argia (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 Inauteri. 2024-04-29 (kontsulta data: 2025-05-14).
- ↑ Zuberoako maskaradak. 2025-03-19 (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 «Santibate eta Libertimendua» EKE (kontsulta data: 2025-05-14).
- 1 2 3 4 dantzancom. «Libertimenduak 2025» dantzan.eus (kontsulta data: 2025-05-14).