Edukira joan

Konplexu immune

Wikipedia, Entziklopedia askea
Konplexu immuneek gaitz batzuk eragin ditzakete, glomerulonefritis, kasu

Konplexu immuneak edo immunokonplexuak antigeno batez eta bere antigorputz espezifiko batez osatutako egitura molekularrak dira.

Jakina denez, antigorputz batek bere sintesia eragin duen antigeno batekiko afinitate handia dauka. Antigeno-antigorputz lotura kimikoa da, eta konplexua lotuta mantentzen da hidrogeno zubien bidez eta Van der Waalsen indarren bidez, bereziki. Antigenoa eta antigorputza azken honen balentziaren arabera konbinatzen dira, proportzio aldakorretan. Antigorputzarekin lotzen den antigenoaren zatiari epitopo deritzo.

Antigeno eta antigorputzaren arteko (Ag-Ac) erreakzioak ezaugarri hauek ditu:

  • konplexuaren lotura tinkoa da, baina itzulgarria: Ag + Ac Ag.Ac
  • oso espezifikoa da: antigorputz bat bere sintesia eragin duen antigeno espezifiko bati lotuko zaio
  • sortutako konplexuaren egonkortasuna hainbat alderdiren menpe dago: antigeno eta antigorputzaren kontzentrazioak, pH, tenperatura....

Antigeno batekin lotzean eta konplexu immuneak sortzean antigenoa blokeatu, itxuraldatu edo inaktibatu egiten da, eta bere jarduera biologikoa nabarmen murriztu edo baliogabetu egiten da [1]

Antigorputza antigenoari lotu ondoren, sortutako konplexu immuneak immunitate-sistemaren erantzuna aktibatzen du: konplementua erakartzen du, eta opsonizazioa eta fagozitosia sustatu. Mekanismo hauen bidez antigeno arrotzak deusestatzen dira.

Ag-Ac immunokonplexuak bi fenomeno mota eragin ditzakete:

  • prezipitazioa: antigenoa molekula disolbagarria denean. Antigorputzak antigenoa neutralizatzen du, eta sortutako konplexu immuneak prezipitatu egiten du (antigeno eta antigorputzen proportzioak optimoak direnean soilik gertatzen da prezipitzaio egokia). Prezipitatze-erreakzioak oso erabilgarriak dire proba serologikoetan.
  • aglutinazioa: antigenoa zelula edo birus, bakterio edo partikula baten gainazalean dagoenean gertatzen da aglutinazioa. Antigorputzek partikula horiek neutralizatzen dituzte eta beren pilaketa eragin, pikorrak agertuz (aglutinazioa). Modu horretan fagozitoen lana errazten da (fagozitoek konplexu horiek fagozitatu egiten baitituzte)

Immunokonplexuak eta gaitz autoimmuneak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuarki immunitate-sistemaren fagozitoek konplexu immuneak desegiten dituzte. Baina antigeno-antigorputzen arteko proportzioetan ez-ohiko kopuruak daudenean, edo zenbait patologia autoimmuneren kasuan, konplexu horiek ehunetan pilatzen dira eta hor konplementuaren aktibazioa eragiten dute, eta fagozitoak erakarri. Ondorioz, hantura eta ehun-kaltea agertzen da. Fenomeno horri III motako hipersentiberatasun-erreakzioa deritzo, eta lupus eritematoso bezalako gaitz autoimmuneak sortzen ditu.

Konplexu immune kaltegarri horiek oso irrigatuta dauden (odol asko jasotzen duten) ehunetan eta organoetan pilatu ohi dira: giltzurrunetan, larruazalean, artikulazioetan... [2]. Artritis erreumatoidean, esaterako, artikulazioetan pilatzen dira immunokonplexu kaltegarriak.

Gaitz autoimmune guztiak ez dira III motako hipersentiberatasun-erreakzioen ondorioa. II motako hipersentiberatasunak ere gaixotasun autoimmuneak sor ditzake. Kasu honetan, B linfozitoek ekoizten dituzten autoantigorputzak giza-zeluletan dauden antigenoei lotzen dira, giza-zelula horiek kaltetuz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:841 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.
  2. Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 434-435 orr. ISBN: 84-291-1871-3

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]