Gyeongju (Hangul:경주, kjʌ̹ːŋdʑu ahoskatua), historikoki Seorabeol (Hangul:서라벌 deitua, sʰʌ̹.ɾa̠.bʌɭ ahoskatua), Ipar Gyeongsang probintziaren hego-ekialdeko muturrean dagoen hiria da.[1][2] Azaleraren arabera, bigarren hiririk handiena da probintzian, Andongen atzetik, 1324 km²-rekin, eta 2008ko erroldaren arabera 269.343 biztanle zituen. Seuldik 370 km hego-ekialdera eta Daegutik 55 km ekialdera dago.[3] Hiriak Cheongdo eta Yeongcheon ditu mugakide mendebaldean, Ulsan hegoaldean eta Pohang iparraldean; ekialdean, berriz, Japoniako itsasoaren kostaldea dago,[1] nahiz eta hirigunea 25 km-ra egon. Taebaek mendikateko zenbait mendik hiria inguratzen dute.[4]
Gyeongju Silla erresumako hiriburua izan zen (K.a. 57 - K.o. 935). VII. eta IX. mendeen artean Koreako penintsularen bi heren inguru gobernatu zituen. Garai horretako aztarnategi arkeologiko eta kultura-ondasun ugari hirian geratzen dira, eta, horregatik, "hormarik gabeko museoa" esaten diote askotan.[5][6] Altxor historiko horien artean daude: Seokguram haitzulo budista, Bulguksa tenplua, Kyongjuko gune historikoak eta Yangdong herrixka tradizionala, UNESCOkGizateriaren Ondare izendatuak.[7] Leku historiko garrantzitsu askok Hego Koreako helmuga turistiko ezagunenetako bat izaten lagundu diote Gyeongjuri.[3][8]
Hiriak bat egin zuen Gyeongju landa-konderriarekin 1995ean, eta, orain, hiri-landatar konplexua da. 300.000 biztanletik beherako beste berrogeita hamahiru hiri txiki eta ertainen antzekoa da.[9] Ondare historiko aberatsa izateaz gain, gaur egun Hego Koreako kultura modernoari forma eman dioten joera ekonomiko, demografiko eta sozialek eragiten diote Gyeongjuri. Turismoak garrantzitsua izaten jarraitzen du ekonomiarentzat, baina manufaktura-jarduerak garatu dira Ulsan eta Pohang bezalako industriagune nagusietatik gertu daudelako. Hiria trenbide- eta errepide-sare nazionaletara konektatuta dago, eta sare horiek industria- eta turismo-trafikoa errazten dute.[10][11][12]