Gustave Ador
Gustave Ador (Cologny, 1845eko abenduaren 23a – Geneva, 1928ko martxoaren 31) suitzar politikaria izan zen. Suitzako Konfederazioko presidentea izan zen 1919an.
Genevako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu ondoren, 1868tik abokatu lanetan aritu zen. Alderdi Liberalean afiliatuta egon zen eta 1871n politikan sartu zen udal kontseilari eta geroago Colognyko alkate gisa. Urte askoan Genevako kantonamendu parlamentuko eta kantoi horretako gobernuko kide izan zen, eta 1879an Suitzako Estatuen Kontseiluan haren ordezkari izan zen.
1889tik 1917ra Suitzako Kontseilu Nazionaleko kide izan zen. 1894an Suitzako armadako koronel mailara igo zen eta 1910etik 1928ra Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko presidentea izan zen.
1917tik 1919ra Suitzako Kontseilu Federaleko kide izan zen, eta Kanpo Arazoetako saila eta Barne saila zuzendu zituen. Suitzako Konfederazioko presidentea izan zen 1919an.