Edukira joan

Eneida

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Eneida
Jatorria
Egilea(k)Virgilio
Sorrera-urteaK.a. I. mendea
IzenburuaAenēis
Jatorrizko herrialdeaAntzinako Erroma
Ezaugarriak
Genero artistikoaepika eta epopeia
Hizkuntzalatina
Zatiak12 book (en) Itzuli
Egile-eskubideakjabari publiko eta jabari publiko
Fikzioa
Eneas Troiatik irteten, Federico Baroccirena, 1598

Eneida Virgiliok K. a. I. mendean Virgilio poetak latinez idatzitako epopeia bat da. Lana, Augusto erromatar enperadorearen enkarguz idatzia izan zen, jatorri mitiko bat emanez, berarekin hasi zen inperioa loriatzeko xedez. Helburu horrekin, Homeroren olerkiak jarraitu baino, Virgiliok berridatzi egiten zituen, abiapuntutzat hartuta Troiako Gerra eta hiriaren suntsipena, eta Erromaren fundazioa greziar mito ospetsuen eran izandako gertakaritzat jarriz.[1]

Esaten denez, hil zorian zegoenean, Virgiliok Eneida erretzea agindu zuen, dela Augustoren propaganda politikotik bereizteko, dela berak nahi izan zuen perfekzio mailarik ez zuelako lortu.

Istorioa ia hamar mila hexametro daktilikoz osatua dago, hamabi liburutan banatuak, Troiaren erorketa, Eneasen bidaiak eta Lazion troiar kolonia baten behin betiko finkatzea kontatzen dutenak.

Lehen sei liburuen laburpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eneas printze troiarrak hiritik ihes egin zuen akaiarrek su eman ondoren. Haren aita Ankises eta seme Askanio arrastaka eraman zituen, emazte Kreusak gertutik jarraitzen zuelarik. Alabaina, Kreusa iluntasunean hil zen, eta Eneas, desesperaturik, biziraun zuten beste batzuekin batera, lurralde berri baten bila ontziratu zen. Hera-Junorekin zuen etsaitasunak denbora luzez noraezean nabigatzera eraman zuen, Afrika iparraldeko kostaldera iritsi zen arte, Kartagora. Bertan bizi zen Dido erregina, jainko-jainkosen eraginez, Eneasekin maitemindu zena, Sikeo hildako senarra ahantz zezan Didok:

« Junok, Jupiterren emazte maiteak, grina gaizto honen gatibu ikusten du Dido, izen ona zaindu beharrak ere sukar hura menderatu ezinik, eta Venusengana itzulirik ondokoa dio Saturnoren alabak: «Horra hor ohore gorena eta garaipen ugaria bai zuretzat bai zure semearentzat! Zinez aipagarria eta gogoangarria zuen indarra! [...] Orain entzun, hitz gutxitan esango dizut-eta zer egin behar dugun. Bihar bertan, Eguzkia igotzen hasi eta haren izpiek lurraren estalkia urratzen dutenean, Eneas eta Dido gaxoa hiritik irtengo dira, oihanean ehizatzera. Ehiztariek sareak oihanartean zabal ditzatenean, nik kazkabarrez betetako laino beltza botako dut euren buruen gainera eta zeruan trumoien zalaparta entzunaraziko dut. Guztiek ihes egingo dute, izuturik, gau-itzal zerratuan barrena. Eneasek eta Didok, biek elkarrekin bilatuko dute babesa, biek harpe berean. Bertan izango naiz ni, eta nire eginahala atsegin baduzu, xedera sendoz batuko ditut, eta Dido Eneasena izango da betirako. Ezteiak izango dira».[2]. »

— Testu osoa irakurtzeko Eneida Wikisource-n dago eskuragarri

Orduan, denbora luzez geratu zen. Erresuma abegikorra zen, eta troiar guztiek Kartagon geratzea nahi zuten, baina Eneasek bazekien Italia zela bere inperioa sortu behar zuen tokia. Eneas joan ondoren, Didok bere buruasutara bota zuen, Eneasen ezpata erabiliz, betirako bere maitea madarikatuz, bere herriari mendekatuko zela zin eginaraziz, haien aitaren semeak, geroago erromatarrak izango zirenak suntsitzeko. Horrela, Kartagore eta Erromaren arteko bi herri senidetuen arteko etsaitasuna justifikatzen duen egoera sortzen da, Gerra Punikoetan eratorriko zena. Italiarainoko bidean, infernura jaitsiko da, non, jada hildako aitak gorantza joango den inperio bat sortuko duela esaten dion, Augustoren garaira arte.

Azken sei liburuen laburpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eneas Laziora iritsi zen, non Latino baitzen errege. Latinoren alaba, Lavinia, Turnorekin ezkon hitza emanda zegoen, rutulotarren buruzagia zena, baina orakuluak Latinori iragarri zion itsasotik iritsitako gizon bat ezkonduko zela bere alabarekin eta latindarren izenean inperio handi bat sortuko zuela. Orduan, Turnok eta Eneasek elkarri gerra adierazi zioten, eta denbora luzez borrokatzen hasi ziren. Egun batean, baten aliatuak zetozen, eta hurrengoan, bestearenak, eta borroka ez zen sekula amaitzen. Bitartean, zeruan, Afrodita-Venus eta Hera-Juno bataren eta bestearen alde egiten ari ziren, Zeus-Jupiterrek bietako bakar bati ere garaipenik eman gabe. Azkenean, Eneasek Turno hil zuen borroka batean eta Laviniarekin ezkondu zen. Herak, azkenik, troiarrenganako gorrotoa baztertu zuen eta Zeusen borondatearen aurrean amore eman zuen, baina ez, italiar lurralde guztitik troiar izena ezabatuko zuela zin eginarazi aurretik. «Troia erori da, ez utzi berriz pizten» esan zuen.

Eneas Urrezko Adarra hartzen, aita Ankisesen bila joateko. Wenceslas Hollar (XVII. mendea).

Seigarren liburuan kontatzen den istorio bitxietako bat Urrezko Adarrarena da. Greziarren aurkako azken borrokan Troia suntsitzen ari zen bitartean, Eneasek hiritik alde egin zuen eta Mediterraneoko mendebaldera kokatu ahal izateko lurralde berri baten bila abiatu zen.[3] Helenus profetak gidatutako misio hartan, Eneas Italiara iritsi zen eta han, Deifobek, Apoloren Tenpluko sibiletako batek, orduan zazpiehun urtetik gorako atsoa zenak, baimena eman zion azpimundura joateko, hildako aitaren itzala ikusteko Eneasen nahia betetzeko.[4][5] Azpimundura sartu aurretik, Deifobek esan zion lehenik Misenus musikaria lurperatu behar zuela, eta bere haitzuloaren inguruan hazten zen urrezko landare adarra ere lortu behar zuela. Opari eman behar zion adar miragarria Proserpinari, Pluton azpimumdupo erregearen erreginari. Basoan, Eneasen ama Venus jainkosak bi uso bidali zituen zeregin zail horretan laguntzeko, eta horrek zuhaitza aurkitzen lagundu zion.[4][6]

Azpimunduan zehar abentura batzuk izan ondoren, Plutonen jauregiko sarrerako portalean utzi zuen Eneasek urrezko adarra, eta horrekin igaro ahal izan zen Elisiar Zelaietara, non zintzo izan direnen espirituak baitzeuden. Han aurkitu zuen Eneasek bere aita Ankises, Eridano ibaiaren ondoan; ezin izan zuen haren itzala besarkatu, baina hala ere topaketa alai eta emankorra izan zuten. Amkisesek esan zion beste ibai bat zela gertu, Lete, eta haren uretan doazela lurrerantz jaioko direnen arimak, han direla bere ondorengo izango direnak, Romulo eta Zesarrak adibidez, Erroma loriatsua egingo dutenak. Hortaz, honela lotzen du Virgiliok greziar mitologia troiarra Erromaren jatorri mitikoarekin.

Istorio honetako pertsonaietako bat, Ankises, Anquises grafia gaztelerazkoan agertu zen Veleiako ostraka faltsutuen artean, non eta Virgiliok eta garaikideek Anchises idatziko baitzuten.[7][8]

Eneidak onarpen handia izan du mendeetan zehar, nagusiki Erdi Aroan. Garai haretan, pertsonaia epiko garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Eneas zen, Ulises baino gehiago, ospe handiegirik ez baitzuen horrek: pertsonaia maltzurtzat hartzen zuten, trikimailu bati esker Troia konkistatzen duena; Dante Alighieriren Jainkotiar komedian, adibidez, Ulises infernuan egongo da. Ohoretzat hartzen zuten, oro har, Eneasen ondorengoa izatea: honela, Godofredo Monmouthekoak, bere Historia Regum Britanniae lanean, britainiarrak Britus edo Brutusen ondorengo egingo ditu, Eneasen ondorengo bat.

Eneidak musikan ere oihartzun handia izan du, eta musikagile asko inspiratu ditu operak sortzeko. Ezagunenak dira La Didone, Francesco Cavallirena, Dido eta Eneas, Henry Purcellena (ingelesez idatzitako lehen opera) eta Les Troyens opera heroiko handia, Hector Berliozena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Azurmendi 2026, 188. or. .
  2. Bilbao, Gidor. (2002). Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-8484380351. OCLC .52408694.
  3. Clarke 2024, 15-18. or. .
  4. 1 2 Stookey 2004, 67. or. .
  5. Clarke 2024, 42-43. or. .
  6. Clarke 2024, 44. or. .
  7. (Gaztelaniaz) Gorrochategui, Joaquín. J. Carbonel, H. Gimeno & J.L. Moralejo (ed.). (2011). «Hic et Nunc: falsificaciones contemporáneas. El caso de Iruña-Veleia» El monumento epigráfico en contextos secundarios. procesos de reutilización, interpretación y falsificación (Bellaterra: Universitat Autònoma de Barcelona) ISBN 978-8449028380. OCLC .839001943 (kontsulta data: 2026-06-20).
  8. (Gaztelaniaz) Pérez de Ana, Juan Manuel. (2020-06-10). «Los óstraca de Iruña-Veleia son falsos según los expertos» Sierra Sálvada - Gorobel Mendilerroa (kontsulta data: 2026-06-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]