Dnieper
Dnieper[1] (errusieraz: Днепр, translit.: Dnepr; bielorrusieraz: Дняпро, Dniapro; ukraineraz: Днiпро, translit.: Dnipro) Europako ekialdeko ibai bat da. Errusian jaiotzen da, Bielorrusia eta Ukraina zeharkatzen ditu, eta Kherson hiritik hurbil Itsaso Beltzera isurtzen da. 2.290 km luze da, Europako luzeenetan laugarrena.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dnieperrek Errusia Erdialdeko Valdai muinoetan (220 m) du iturria. Errusiako 485 km, Bielorrusiako 595 km eta Ukrainako 1.095 km zeharkatzen ditu, eta beste 115 kilometroz Ukrainaren eta Bielorrusiaren arteko muga da. Krimeako iparraldean, Khersondik hurbil, Itsaso Beltzera isurtzen da. 504.000 km²-ko arroa du; horietatik 289.000 km², Ukrainan. Dnieperren ertzetako hiri nagusiak hauek dira: Smolensk, Errusian; Orsha eta Mahiliou, Bielorrusian; eta Kiev, Txerkasy, Krementxuk, Dnipro, Zaporizhia, Nikopol eta Kherson, Ukrainan.
Hidrologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dnieper ibaiak ordokiko elur erregimena dauka: emari handiena udaberrian, elurra urtzen denean (2.893 m³/s maiatzean) eta emari txikiena udazkenean (841 m³/s irailean). Goi-Dnieper, Berezina eta Soj ibaiek emari osoaren % 35 ekartzen diote, Pripiatek % 2 6 eta Desnak % 2 1. Dena dela, ibaiaren erregimena oso aldaturik dago, urtegi asko eraiki direlako. Izan ere, ibaiaren beheko zatia, 800 kilometroz, ondoz-ondoko urtegi-katea da.
Ibaiadarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Izena | Luzera | Arroa | Emaria | Bazterra |
|---|---|---|---|---|
| Drut | 295 km | 5 020 km² | 30 m³/s | eskuina |
| Berezina | 587 km | 24 500 km² | 145 m³/s | eskuina |
| Sozh | 648 km | 42 100 km² | 207 m³/s | ezkerra |
| Pripiat | 710 km | 121 000 km² | 455 m³/s | eskuina |
| Teteriv | 365 km | 15 100 km² | 18,4 m³/s | eskuina |
| Irpin | 142 km | 3 140 km² | eskuina | |
| Desna | 1 130 km | 88 900 km² | 360 m³/s | ezkerra |
| Stuhna | 68 km | 785 km² | eskuina | |
| Trubij | 113 km | 4 700 km² | 3,7 m³/s | ezkerra |
| Ros | 346 km | 12 575 km² | 27 m³/s | eskuina |
| Tiasmin | 164 km | 4 570 km² | 6,6 m³/s | eskuina |
| Sula | 365 km | 19 600 km² | 29 m³/s | ezkerra |
| Psel | 717 km | 22 800 km² | 55 m³/s | ezkerra |
| Vorskla | 464 km | 14 700 km² | 36,4 m³/s | ezkerra |
| Samara | 320 km | 22 600 km² | 17 m³/s | ezkerra |
| Konka | 149 km | 2 600 km² | ezkerra | |
| Bazavluk | 157 km | 4 200 km² | eskuina | |
| Inhulets | 549 km | 14 870 km² | 8,5 m³/s | eskuina |
