Abul Ala Maududi
| Abul Ala Maududi | |
|---|---|
![]() | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Aurangabad, 1903ko irailaren 25a |
| Herrialdea | |
| Lehen hizkuntza | urdua |
| Heriotza | New York, 1979ko irailaren 22a (75 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | urdua arabiera |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | teologoa, politikaria, filosofoa, kazetaria, itzultzailea eta idazlea |
| Lan nabarmenak | ikusi
|
| Jasotako sariak | ikusi
|
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijioa | islama |
| Alderdi politikoa | Jamaat-e-Islami (en) |
Abul Ala Maududi (urduz: ابو الاعلیٰ المودودی, Abū al-Aʿlā al-Mawdūdī; Aurangabad, 1903ko irailaren 25a – Bufalo, 1979ko irailaren 22a), kazetari, jakintsu eta imam pakistandarra izan zen.
XX. mendeko ideologo islamista garrantzitsuenetarikoa izan zen eta bere lanak, urdueraz idatziak, hainbat hizkuntzatara itzuli zituzten, besteak beste, arabiera, hindi eta ingelesera. Politika Islamarentzat garrantzitsua eta funtsezkoa zela azpimarratu zuen, sharia ezartzeko eta kultura musulmana zaintzeko. Bere ustez, sekularismoak, nazionalismoak eta emakumeen emantzipazioak Islama mehatxatzen zuten. Bere helburuak lortzeko, 1947an (India banatu baino sei urte lehenago) Jamaat-e-Islami sortu zuen, Asiako erakunde islamistarik handiena.
Lehen urteak eta hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abul Ala Maududi 1903ko irailaren 25ean jaio zen, Aurangabaden, garai hartan Hyderabad-eko printze-estatuaren parte zena, Raj britainarraean. Familia musulman tradizional bateko hiru anai-arrebetatik gazteena izan zen. Bere arbaso asko korronte sufistaren buruzagi islamiar nabarmenak izan ziren, bereziki Chishti Ordenakoak.[1]
Bere aita, Ahmad Hasan Maududi, abokatu guztiz erlijiosoa zen, abokatutza utzi zuena sufismoari dagozkion ariketa mistikoetan buru-belarri aritzeko. Abul eta bere anai-arrebak aitak hezi zituen etxean. Heziketa formalean ez bezala, ez zuen Mendebaldetik etorritako ikaskuntzarik jaso, ezta heziketa islamiar tradizionalik ere. Hori dela eta, Abul ez zen jurisprudentzia islamikoaren pean (Fiqh) hezia izan. Ingelesez eta arabieraz ikasteko aukerarik ez zuen izan. Hala ere, bai aitaren formazio horren pean, bai hezkuntza formalean 11 urterekin sartu ondoren, Abulek islamiar jakintsu ugariren lanekiko interesa garatu zuen. Bere ustez, pentsalari musulmanek Mendebaldeko eraginetik askatu behar zuten. Horren ordez islamismo bat garatu behar zuten, gizartearen eta bizitzaren alderdi guztiak barne hartu behar zituena..[1][2]
Kazetaritza ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1918an, 15 urte zituela, aita hil egin zen, eta heziketa formala bat-batean amaitu zen. Kazetari gisa hasi zen lanean, familia ekonomikoki babesteko, eta, aldi berean, bere kabuz hezten hasi zen.
17 urterekin, Taj egunkariko korrespontsal eta editore bihurtu zen. Garai horretan idatzi zuen bere bizitzako obrarik garrantzitsuenetako bat, Tarjuman al-Qura-n, Koranari buruzko iruzkin labur baina indartsuak urdu hizkuntzan. Liburu horren arrakastaren ondorioz, Abulek Islamari buruzko obra ugari idatzi zituen. Mabadi' al-Islam (Islamaren printzipioak) eta Tafhim al-Quran (Koranaren esanahia) liburuak hizkuntza askotara itzuli zituzten. Hauetan, Koranaren esanahiak sinplifikatu zituen publiko masiboarentzat.[3][4]
Ideologia eta aktibismo politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muhammad Iqbalen pentsamendu islamistak eragin zion. Hala, nazionalismoaren, kapitalismoaren eta sozialismoaren aurka agertu zen.
1941ean, Iqbal hil eta hiru urtera, Jamaat-e-Islami sortu zuen, erakunde islamista bat. Hau «islamiar mundu osoko estilo leninistako abangoardiako lehen alderdi iraultzailetzat» hartua izan da, eta «Estatu islamiko baterako programa koherente eta trinko» bat formulatu zuen lehena, non Jainkoa, eta ez nazioa, zen subirano absolutua. Hasieran Jamaat-e-Islamik oso jarraitzaile gutxi izan zituen, baina eragin handia izan zuen pentsalari eta ekintzaile musulman ugariren artean. Irango Khomeini aiatolak, adibidez, Maududiren lan asko itzuli zituen persierara. Egiptoko Sajid Qutb eta Irango Ali Xariatirengan ere eragina izan zuen.
«Abangoardiako» alderdi islamista iraultzaile bat eratzeko ideia jihadistek jaso zuten, zeinek, Al Kaida sortzaileek bezala, gerra santua predikatzen baitzuten herrialde musulmanetako diktadoreen eta haien mendebaldeko aliatuen aurka.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 «Sayyid Abul A'la Maududi - New World Encyclopedia» www.newworldencyclopedia.org.
- ↑ «Mawdūdī, Abūʾl-Aʿlā | journalist and Muslim theologian» Encyclopedia Britannica.
- ↑ «Abul Ala Maududi» mideastweb.org.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ King Faisal Prize | Sayyid Abul Ala’a Al-Mowdoodi. .
